Greban urriaren 13an

2023-10-03  

Austeritatearen aurka, lan, ikasketa eta erretreta baldintza duinen alde, denok greban urriaren 13an! Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea har dezagun!

irudia

LAB sindikatuak mobilizazio eta greba egun batera deitzen du urriaren 13an ostiralarekin. Zonbait hilabetez Macron/Borne erretreta erreformaren kontra borrokatu ondoren, mobilizatzen segitu behar dugu!

Borrokatzeko arrazoiak ez dira falta. Izan ere, erretreta erreforma joan den irailaren lehenean indarrean sartu zen, denok pentsio apalago baten truk gehiago lan egitera kondenatuz. Gero eta gehiago prekarietatean murgiltzen gaitu, lanean osasuna galtzen dugun bitartean. Makronia kapitalistak egunero langileen eskubideak lehertzen ditu, ikasleen prekarietatea eta elikadura prekarietatea areagotzen ditu, diskurtso arrazistak normalizatzen ditu, Bizitza suntsitzen segitzen du.
Erreforma antisozialen azkartzea aurreikusten da: prest eta antolatuak egon gaitezen! Ez dugu amore emanen!

Mobilizazio egun hori elkartasunerako, bidezko transizio ekologikorako eta austeritate-politiken aurkako Europako egunaren baitan kokatzen da. Nahiz eta intersindikalak oraindik ere baztertzen gaituen, segur gara elkarrekin irabaziko dugula, eta, horretarako, karrikan trumilka bildu behar garela. Denok batean, munduko langileok, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea har dezagun!

Frantses Estatu ultrazentralizatuaren, liberalaren eta jakobinoaren aitzinean, sistema kapitalista finantzarioaren aitzinean, alternatibak lorgarriak dira, guk ditugu eraiki behar.
Hurbil ditzagun negoziazio eta erabaki guneak (Tokiko Batzorde Parekidea, pribatuko langileentzat / Lurraldeko Udalarteko Batzorde Soziala, publikoko agente eta langileentzat), eta langileok lan baldintza eta bizitza duinaren aldeko indar-harreman bat sor dezagun.

Egiazko justizia sozial baten alde, Euskal Herrian, Lan Kode bat eraiki dezagun, lan-denbora denon artean banatzeko, lansariak eta bizitza bizigarriak bermatuko dituena.

Ikasketa, lan, erretreta eta bizitza baldintza duinen alde mobiliza gaitezen: 

  • Erretreta 60 urtetan, 37,5 urte kotizazio eta gutieneko pentsioa SMICaren baliokidea.
  • Ikasketa urteak eta ikastaroak kondutan hartuak izatea automatikoki.
  • Soldata arrakalaren amaitzea.
  • Patronalari eskainitako opari fiskalen amaiera.
  • Lansari, pentsio  eta beken berehalako emendaketa orokorra.
  • Euskal Herri mailako lanbide arteko negoziazio eremuak.
  • Zerbitzu publikoen indartzea: hezkuntza, osasuna, garraioak…

Fitxategiak

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Vivre et se loger au Pays ! Espekulazioari ez!

Lan harremanak eta negoziazio kolektiboaren esparrua Ipar Euskal Herrian