Maiatzaren Lehena
Baionan gaur elkartu gira, intersindikalarekin lagileon deretxoen babesteko!
Bai Baionan, bai mundu osoko hiri askotan, gaur bildu gara, bizitzeko beren lanaren gainean baizik kontatzen ahal dutenen ahotsa entzunarazteko, aberastasunak sortzen dituztenen eta sekula onurarik jasotzen ez dutenen ahotsa entzunarazteko.
Gaur 2024ko maiatzaren 1an, langileok, erretretadunok, enplegu gabeok eta ikasleok CFDT, CGT, LAB, FSU, SOLIDAIRES eta UNSA sindikatuen deialdiari erantzun dugu, bildu gara aberastasunen banaketa erabat ezberdina eskatzeko.
Urtez urte etekin errekorrak lerrokatzen dira enpresa handientzat, CAC 40 bere historiako punturik gorenean dago, milaka milioi banatzen dira akziodunen artean, milaka milioi xahutuko dira hurrengo Olinpiar Jokoak antolatzeko Parisen...
Alta, gobernuak ekonomia berriak egitea erabakitzen du jendarte politiketan, zerbitzu publikoetan edo trantsizio ekologikoan oinarrituak.
2023an, 63.000 milioi euro baino gehiago banatu ziren CAC 40ko akziodunen artean. Hala ere, langabezia eta osasun aseguruak erreformatuz, edo berriz ere Lan Kodea hortzikatuz, gobernuak kontu publikoen oreka berrezartzea iragarri du!
Frantziako 5 aberastasunik handienak bikoiztu egin dira 4 urtetan, baina prekarietatea eta pobrezia gero eta handiagoak dira urtero.
Premiazkoa da politika errotik aldatzea, aberatsenak eta superetekinak zergapetzea, zerga ihesaren aurkako egiazko borroka bat bideratzea pentsioen igoera, gutieneko laguntza sozialak prekarioenentzat eta ikasketa bekak gazteenentzat diruztatzeko. Premiazkoa da lansarien igotzea pribatuan eta funtzionarioen indizea baliohanditzea. Neurri horiek eskatzen ditugu orain, gure lanarekin duintasunez bizi ahal izatea eskatzen dugulako.
Justuki ordaindua den lanaren beharra, emazteentzat are garratzagoa da, beren gizonezko lankideek baino gutiago ordainduak baitira oraino: %25 gutiago lan bereko pribatuan, 400€ gutiago lan bereko administrazio publikoan.
Premiazkoa da prekarietatea eta jasandako denboraldi partzialak borrokatzea, emazte eta gizon arteko lansari ezberdintasunak sendotzen dituzten merezimenduzko ordainketa gelditzea.
"Berrarmatze demografikoaz" hitz egitera ausartzen den Macronen diskurtso erreakzionario eta patriarkalaren kontrara, gaur egun mobilizatuta gaude emazteek beren gorputzaren jabe izateko askatasuna defendatzeko, indarkeria sexista eta sexualari aurre egiteko egiazko politikak irmoki galdetzeko.
Gure zerbitzu publikoak lehertzear daude, 40 urteko azpiinbertsio eta
adostutako hondatzearen ondorioz.
Gaur egun, funtzio publikoan indarrean diren lan eta soldata baldintzen ondorioz, lanbide publikoek ez dute erakartzen. Gure eskolak, osasun erakundeak eta zerbitzu sozialak jada ez dira gai behar bezala funtzionatzeko. Orain, aberatsenek beren haurren hezteko edo artatzeko nahitara zerbitzu pribatuetara jotzea aldarrikatzen dute. Denentzat irisgarri diren kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzen ditugu, herritarren beharren asebetetzeko eta langile publikoei lan baldintza duinak segurtatzeko.
Langileen nazioarteko egun hau gerlak markatutako testuinguruan iragaiten da. Gure agintariek milaka milioi metatzen dituzten bitartean arma ekoizpena diruztatzeko, guk, bake zuzen eta iraunkor bat eskatzen dugu, nazioarteko zuzenbidearen errespetuan zorrozki oinarritua. Gerlak, batez ere, populazio hauskorrenak hunkitzen ditu, sarraskiak biderkatzen ditu, jendarteak eta ekosistemak hondatzen ditu.
Bai ekologiari dagokionez, bai nazioarteko politikari dagokionez, Macronen bilana etsigarria da. Krisi klimatikoaren ondorioez harritu ondoren, biziarendako eta ingurumenarendako neurri hilgarriak hartu ditu: ikatz-zentralen, glifosatoaren, pestiziden erabiltzeari buruz hitz hutsak erran eta ingurumen- helburuak gibelera bota ditu. Hainbesteraino, non, Frantziako Estatua «kalte ekologikoagatik» kondenatua izan den.
Izan ere, gu ingurumenarekiko larrialdiaz jabetzen garenez, gaur egun biltzen gara kapitalismo neoliberal eta produktibistari alternatiba eraikitzeko.
40 urteko politika liberalek eta 7 urteko makronismoak eragindako hondamendi ekologiko eta sozialen aitzinean, gure arteko zenbaitek eskuin muturraren diskurtsoari adi egoteko tentazioa dute. Ez gaitezen engainatu! Bere izaera faxista, arrazista eta bortitza ahaztarazteko ahaleginak egin arren, Rassemblement National alderdia autoritarioa da eta langileen eskubideen etsaia da. Legebiltzarreko bozka guztietan, Le Pen-en alderdia kapitalaren alde jartzen da. SMICen aurka, ISFren berrezartzearen aurka, alokairuen zaintzearen aurka, prezioen blokatzearen aurka, gainirabazien zergapetzearen aurka, ingurumenaren babeserako neurrien aurka bozkatu du.
Langile guztiak deitzen ditugu indar ultraeskuindarren aurka borrokatzera politika gorrotagarri eta arrazista guztiak baztertzera, karrikan baita hautestontzietan ere.
Gure presentzia, gaur egun, politika liberal eta autoritarioei egin dezakegun erantzunik onena da, langile klasea pobretu, herriak zatitu eta edozein aldaketa eragozten baitute. Sistema kapitalista ez da halabehar bat. Sistema berdinzaleago baten sortzeko, menekotasun eta kolonialismo mota guztiak ahulduko dituena eta jada sufritzen ari den planeta agortzeari utziko diona, elkartu gaitezen aberastasunaren banaketa eredu berri bat sortzeko.
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago