M1: Langileen alde, hemen erabaki
Orain arte bezala, borrokaren bidez lortuko dugu langileon aldeko garaipen berriak eskuratzea. Horregatik da hain garrantzitsua aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzea. Maiatzaren Lehenean, bultzada berri bat emango diogu langile borrokari!

Kapitalistek mundu mailan etengabeko krisi ekosoziala eragiten dute. Bestelako eredu baten alde egiteko unea da, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna era justuan banatuko dituena.
Alabaina, eredu aldaketa eragotzi eta zanpaketari eusteko xedez, elite ekonomikoek gerra estrategiari eutsi eta olatu erreakzioarioa hauspotu dute. Euskal Herrian militarismoaren, arrazakeriaren edota indarkeria matxistaren eragina nabarmena bada ere, hemen badago eremu sozial, sindikal eta politiko zabala denon eskubideen alde egiteko prest. Patronala aseezina da. Gero eta etekin gehiago metatu nahi du. Ekonomia moteltzen den garaietan, krisia langileok ordain dezagun presio egiten du. Enpresei ongi doakienean, berriz, irabaziak akziodunen artean banatu eta langileon lan baldintzak hobetzeari uko egiten dio; areago, kaskartzen jarraitzen du. Patronalaren diru gosea nabarmen geratu da pandemia osteko prezioen gorakada bizi izan dugunean. Enplegu ordaindua duten langileen artean (kanpo geratzen dira soldatarik gabe lan egiten duten langileak; emakumeak*, nagusiki) KPIaren araberako soldata igoerei uko egiteak aspaldi ez bezalako gatazka kopurua eragin du. Zorionez, euskal langileriak borrokaren aldeko apustua egin du.
Langileen alde, hemen erabaki
Ez dugu ezer espero Paristik edo Madrildik! Azken hamarkadetan, bi estatu horien ondoz ondoko gobernuek zerbitzu publikoen eta langileen oinarrizko eskubideen suntsiketa antolatu dute. Duintasunez bizitzeko aukera ematen diguten lan baldintza, soldata eta pentsio onak lortzeko, ezinbestekoa da negoziazio eta erabaki instantziak hurbiltzea. Guri dagokigu antolatzea eta indar harreman eraginkorra eraikitzeko, sindikatuak eta patronalak Ipar Euskal Herriko eskalako negoziazio kolektiboko instantzietan parte har dezaten, langile publiko zein pribatuentzat. Tresna horiek benetako alternatiba bat dira, Ipar Euskal Herriak, aitortza sozialaren bidez, langile klasearen alde jarduteko indar gehiago eta eskumena izan ditzan. Ipar Euskal Herri mailako Tokiko Batzorde Paritarioa eta Herriarteko Lurralde Batzorde Soziala sortzea urrats handia litzateke gure lurraldearen burujabetza sozialerako, hobe-sozialerako gune izan dadin.
Mobiliza gaitezen!
Eskuin muturrak agenda politikoan bere gaiak agintzen dituen garaian, borroka gaitezen langile klaseari benetan eragiten dioten aldarrikapenak plazaratzeko: osasun sistema publiko sendoa, etxebizitza duin eta eskuragarria, zaintza sistema publikoa... Alor guztietan presioa egiten jarraitu behar dugu: ekintza sindikala, kale mailan eta maila politikoan. Orain arte bezala, borrokaren bidez lortuko dugu langileon aldeko garaipen berriak eskuratzea. Horregatik da hain garrantzitsua aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzea. Maiatzaren Lehenean, bultzada berri bat emango diogu langile borrokari!
MANIFESTALDIAK
Baiona, 11:00etan tren geltokian
Maule, 11:00etan Kurutze Xurian
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago