Langile publikoek ez dute karitaterik eskatzen!
2023ko abuztuaren 1ean argitaratu zen Egunkari Ofizialean zenbait funtzionario publikorentzat ohiz kanpoko erosteko ahalmenaren prima ezartzen duen dekretua.
Ohiz kanpoko erosteko ahalmenaren prima
2023ko abuztuaren 1ean argitaratu zen Egunkari Ofizialean zenbait funtzionario publikorentzat ohiz kanpoko erosteko ahalmenaren prima ezartzen duen dekretua. Prima hori Estatuko eta ospitaleko funtzio publikoetarako sistematikoa da. Lurraldeko funtzio publikoan, tokiko kolektibitateen administrazio askearen printzipioaren arabera, hautuzkoa da. Ordaindu egin daiteke edo ez, hautetsien esku utzia da.
Irailean, ordezkaritasuna duten sindikatuek Lurralde Administrazio Publikoko Kontseilu Gorenaren osoko bilkuran parte hartzeari uko egin zioten, prima lurraldeko agenteentzat hautuzkoa zela salatzeko. Hurrengo bilkura berezian, prima 2024ko ekainaren 30a baino lehen ordaintzeko beharra erabaki zen, horretarako erabakia hartu duten kolektibitateentzat bakarrik.
Laburbilduz, lurraldeko funtzio publikoari buruzko dekretu-proiektuak:
- Hautetsi enplegatzaileek prima aplikatzeko erabakia hartu ez duten kolektibitateetako agenteak kanpo uzten ditu.
- Lanbide-heziketako ikasleak kanpo uzten ditu.
- Primaren ordainketa zatitzeko aukera eskaintzen du, haren eragina urtuz.
Ordu gehigarriak egin behar dituzten langileak
Sari horrekin, Estatu frantsesak porrot-aitorpena egin du, langile publikoen txirotzea egiaztatuz eta konpentsatuz. Beti eta gehiago prekarietatean bultzatutako langile publikoak, ororen buru gutiago irabazteko lan gehiago egin behar dutenak: gogora dezagun erretreta-pentsioa kalkulatzeko oinarrizko soldata baino ez dela kontuan hartzen.
Enplegatzaile publikoek agente etengabe hertsatzen dituzte, argi eta garbi bultzatzen dituzte ordu gehigarrien egitera, boluntariotza zuri batean oinarrituz. Adibide nabarmenak: Irakasleei betekizun osagarriak proposatzen dizkien PACTE dispositiboa edo Hublo aplikazioa, falta diren ospitaleko agenteen orduak beste lankideen artean banatzeko tresna.
Horrekin batera, jarduera osagarri eskaerak emendatzen dira funtzio publikoko hiru adarretan.
Lurraldeko langileak, funtzio publikoko ahaztuak
Lurraldeko funtzio publikoa herriko hautetsien eskutan eta auzapezen borondate onari uzten da. Sarien menturazko esleipenak lehia besterik ez du handitzen lurralde-erakundeen edo erakunde publikoen artean. Azken hauek dagoeneko RIFSEEP dispositiboak kaltetu ditu, langile bakoitzaren araberako ordainketa-erregimena eta «merezimenduzko» primak ezarriz.
2022 geroztik, indize-taulen balio handitzeko dekretu ugari izan dira SMICaren heinera heltzeko. Hala ere, soldaten bilakaera erabat geldituta gelditzen da oraindik. 2023ko uztailaren 1eko taulen azken eguneraketaz gero, C1 kategoriako agente batek 9 urte itxaoin beharko du hilabetean 44,30€ gordin gehiago irabazteko. Indize-puntuak %1,5ez egin du gora, eta urtarrilean funtzionario publiko guztiek 4 puntu gehiago izango dituztela iragarri da, hots 19,69€ gordin. Petatxuak besterik ez.
Limosnarik ez milesker, bidezko lan sariak!
Funtzio publikoak jada ez du erakartzen, baina agenteak ere ez ditu atxikitzen. Disponibilitate-eskaerak ugaritu egiten dira, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kaltetan.
2024an funtzio publikoa erakargarria izan dadin erreforma bat egitea aurreikusten da. Espero diren funtsezko aterabideak, jakina, indize-puntuaaren balio handitzea (gutienez %10) eta adar guztietako 3 kategorietako indize-taulen eguneraketa dira.
Soldata-osagarriak ere zaharkituta daude: indize-ontze berria (NBI) esleitzeko irizpideak 1991koak dira; egoitza-sorospena berriz 2001eko zatiketa geografikoan oinarritzen da! Etxebizitzaren krisia ukaezina den arren, Ipar Euskal Herrian lan egiten duten agenteek ez dute haren onura jasotzen.
Zerbitzu publikoak ez dira merkatuko ondasunak, eta ez dira irabazi asmoko enpresa pribatuen gisan kudeatu behar. Beren langileak ongi tratatzen dituen zerbitzu publiko baten alde borrokatzen gara. Euskal Herriko biztanleen beharrei erantzuten dieten kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago