Laborantza ganbarako hauteskundeak: LAB laborantzako langileen lehen indar sindikala Ipar Euskal Herrian

2025-02-11  

Batzarra osatzen duten 33 jarlekuetatik 6 laborantzako langileen ordezkarienak dira. LABek 3 irabazi ditu.

irudia

3A kolegioan, laborantza ekoizpeneko langileen ordezkaritzan, LAB lehen iritsi da departamenduan. 3 jarlekuetatik 2 eskuratu ditu bozen %27arekin, CFTCren aitzinetik, jarleku 1 eskuratu baitu bozen %19arekin.

3B kolegioan, laborantza egitura profesionaletako langileen ordezkaritzan, bozen % 22,02rekin jarleku 1 lortu dugu, CFDTren gibeletik, 2 jarleku lortu baititu % 45ekin. Beraz, LABek hauteskunde hauetan Laborantza Ganberan langileen ordezkaritzarako erreserbatutako 6 jarlekuetatik 3 irabazi ditu.

Duela 12 urte LAB aurkeztu zen lehen aldiz hauteskunde hauetan. Duela 6 urte jarleku bat lortu genuen. Gaur egun, 3 jarlekurekin, bigarren indar sindikala gara departamenduan, bozen %23.33ko batez bestekoarekin.

Behin eta berriz interpelazioak eta eskaerak egin arren, ez ditugu emaitza ofizialak Ipar Euskal Herri mailan. Hala ere, pentsa dezakegu Ipar Euskal Herriko laborantzako langileen artean lehen indar sindikala garela, bozen % 55 zenbatetsita.

Aurten ere parte-hartze ttipia izan arren, LABeko hautesleak mobilizatu dira eta gure sindikatuak defendatzen dituen aldarrikapen eta balioen aldeko aldarria berritu dute. Eskerrak ematen dizkiegu.

Langileen bi kolegioen batez besteko parte-hartzea %14koa izan da, eta kolegio guztietan nahasirik, berriz, %34koa. Laborantzako enpleguari eragiten dioten erronkak ikusezinak izan dira kanpaina honetan, eta horrek azaltzen du, neurri batean, parte-hartze tasa apal hori.

Era berean, Laborantza Ministeritzak hauteskunde hauetan izan dituen arazo anitzen eta antolaketa kaotikoaren ondorio da. Hautesle askok ez dituzte gutunak jaso: otsailaren 6an pleguen %5 prefeturara itzuli zen, gutun asko oraindik postaren eskuetan daude edo epez kanpo banatuak izan dira. Langile batzuek otsailaren 3an ukan zutela esaten digute! Ez da harritzekoa, urtarrilaren 15-16an bidali baitziren gutunak, 15 egun geroago bozak hetsi behar zirelarik.

Gainera, bozkatzeko materiala etxera ukan ez duten hautesleentzako dispositiboa azken orduan martxan jarri izana salatzen dugu. Abendutik bertatik eskatu arren, urtarrilaren 24ra arte, boza hetsi baino astebete lehenago, prefeturak ez zuen ordezko dispositibo zehatzik proposatu.

Hautesleei prefekturako guneetara joatea eskatu zitzaien orduan, beren identitatea justifikatzeko eta bozkatzeko ordezko kodeak posta elektronikoz jaso ahal izateko. Dispositibo horren ondorioz, hautesleak beren etxeetatik oso urrun joan behar izan dute batzuetan, ordu-tarte mugatuetan, lana uzteko baimen berezirik gabe. Boz-eskubidea oztopatua izan zaie. Prozedura horrek erakusten du antolaketaren amaturkeria, eta langile hautesleekiko begirune eza.

Hauteskunde hauen antolakuntzan Frantziako Estatuko zerbitzuek erabilitako bitartekoak ez dira erronken heinekoak izan, eta hautesleak boz eskubiderik gabe utzi ditu. Onartezina da! Arduradun politiko ezberdinak interpelatuko ditugu disfuntzio guziak zehaztuz eta hauteskunde hauek sakonki berasmatzen saiatzeko.

Fitxategiak

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago