LABek herri bozeko hautagaiak interpelatzen ditu
2024an, LABek Hemen Erabakiren bertsio eguneratua aurkeztu du. Sindikatuei, patronalari eta mugimendu sozialeko eragileei aurkeztu ondoren, hauteskunde kanpaina bete-betean, LABek herriko etxe eta Euskal elkatgoko hauteskundeetako hautagaiei dei egiten die.
2024ko irailean, Hemen Erabaki – Décider Ici dokumentuaren bertsio eguneratua aurkeztu genuen. Hartu genuen engaiamenduari segituz, Ipar Euskal Herriko hainbat eragileei aurkeztu diegu.
Sindikatuei dagokienez, lauekin bildu gara: Solidaires, FSU, CFE-CGC eta CFDT. CGTk bilkura egiteari uko egin zion, eta gainerakoek ez digute erantzunik eman.
Arlo politiko, ekonomiko eta sozialari dagokionez, hauekin bildu gara: EH Bai, Bizi, Euskal Moneta, Alda, Xuti Gazte, Garapen Kontseilua, Merkataritza eta Industria Ganbera (CCI), CAPBko presidentea eta haren kabinetea, baita bi diputatuak ere, Colette Capdevielle eta Peio Dufau, zeinek Iñaki Echanizekin harremana egin baitzuten.
Azkenik, lau patronal erakunderekin bildu gara: laborantzako ELB sindikata, Medef, U2P, Udes eta UMIH (CPMErekin biltzekotan gaude).
Orokorrean, “bira” honen balorazioa positiboa da; izan ere, 10 urteren buruan, lurraldetzearen eta negoziazio kolektiboaren ideiak bidea egin du. Aldarrikapen honen aitzindari izan garen heinean, gero eta gehiago konbentzitzen du, langileen bizitza hobetzeko bide zehatza delako. Frantziako zentralismoaren eta indar-harremana eraikitzea zailtzen duten erreforma antisozialen aitzinean, beharrezkoa da gure lurraldeari ekiteko ahalmena ematea. Jarrera jakobinoetan direnak dira oraindik ere ihardukitzaile direnak, baita langileen interesen aldekoa denean ere.
Negoziazio eta erabaki guneak hurbiltzeak demokrazia indartzea dakar, eta aldi berean, lurralde bateko biztanleen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko gure indar-harremana sendotzea. Hori da Hego Euskal Herrian gertatzen ari dena, idealizatu gabe ere. Gure Hegoaldeko lagunak borrokan ari dira Euskal Herrian gutxieneko soldata duin bat hemen erabakitzeko. Herri Ekimen Legegilearen bidez hamar milaka sinadura bildu ondoren, eta gobernuen zein patronalaren demokrazia-ukazioaren aiztinean, Greba Orokorra antolatu dute datorren martxoaren 17rako. Gure elkartasun osoa helarazten diegu gure lagunei!
Gaur egun, herriko bozen kanpaina bete-betean, hautagaien txanda da gai honen inguruan interpelatuak izateko. Langile sindikatu gisa, sektore pribatuan ez ezik herriko etxeetan eta Euskal Hirigune Elkargoan ere antolatua, guretzat garrantzitsua da hautagaiei oroitaraztea, hautatuak badira, Lurraldeko Funtzio Publikoko langileen enplegatzaile ere izanen direla.
Ipar Euskal Herriko 158 herrietan zerrenda ainitz aurkeztu dira, baina ia inoiz ez da aipatzen —are gutxiago onartzen— enplegatzaile rola, eta are gutxiago txertatzen dira programetan langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko neurriak
Halaber, sindikatu abertzale gisa, guretzat funtsezkoa da hautagaiei galdetzea ea Ipar Euskal Herriarentzat egiturazko tresnak ezartzeko prest diren. Hautagaitza askok lurraldeko biztanleen bizi-baldintzak hobetzea eta autonomia edo eskumen gehiago aldarrikatzen badituzte ere, gauza bera gertatzen al da lurraldeko langileen kudeaketari dagokionez? Prest al dira gure lurraldeari burujabetza handiagoa emango lioketen eta, aldi berean, sektore publikoko langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetuko lituzketen tresna zehatzak martxan jartzeko?
2020an bertan, hauteskundeetan aurkeztutako zerrenda guztiei galdetegi bat bidali genien. Galdetegi horrek langileentzat funtsezkoak diren gaiak jorratzen zituen: emazteen eta gizonen arteko berdintasuna, garraioa, paperik gabeko pertsonen harrera, Elkargoaren mailan instantzia kolektiboak sortzea…
Emaitzak gure webgunean ikusgai dira. Aitortu behar da zerrenda gutxik erantzun zutela; horrek argi erakusten du zein interes gutxi pizten dituzten langile klasearen kezkek eta aldarrikapenek.
Sei urte geroago, berriz ere interpelatzen ditugu, etorkizuneko Herriko etxeko eta elkargoko hautetsi —eta, beraz, enplegatzaile— gisa. Hiru tresna zehatz martxan jartzeko engaiamendua hartuko ote duten galdetzen diegu:
– Behatoki sozioekonomikoa: 2017an Elkargoa sortu zenetik posible da. Garai hartako lehendakaritzari (gaur egungoa bera) haren sortzea eskatu genion. Lehendarkariak, ordea, behatokia eremu ekonomikora mugatzea erabaki zuen; gaur argi ikusten den akatsa izan da hori. Hutsuneak nabarmenak dira: gure lurraldean datu sozialak falta zaizkigu, eta horrek ez du uzten politikak biztanleen benetako beharretara egokitzea, nahiz eta jada badiren maila horretan lanean ari diren egiturak.
- Euskal Herriko Kudeaketa Zentroa: gaur egun, Centre de Gestion 64 Paueko egoitzatik eta departamendu mailan kudeatzen da. Erakunde honek lurraldeko funtzionarioen hautaketa eta karrera-kudeaketari lotutako eginkizunak betetzen ditu. Gure ustez, urrunegi dago Euskal Herritik, eta zaila da bertan indar-harreman bat eraikitzea ; Ipar Euskal Herria-ren mailara hurbildu behar da.
– Euskal Herriko Lurraldeko Gizarte Batzorde Interkomunala: 50 langile baino gutxiago dituzten Herriko etxeko agenten karrera indibidualak eta negoziazio kolektiboak Paueko CDG64tik kudeatzen dira. Beste behin ere, gure ustez beharrezkoa da Ipar Euskal Herria-ren mailan egiturak sortzea.
Ikuspegi instituzionaletik, Elkargoaren sortzearekin urrats bat egin da. Batera-ko kide garen aldetik, espero dugu laster beste urrats bat ematea, gure lurraldeari eskumen eta finantzaketa gehiago ekarriko dizkiona.
Hala ere, ikuspegi sozialetik ez dugu aurrerapausorik eman: dena Pauean kudeatzen da oraindik, eta halako egituren bidez soilik hornituko dugu gure lurraldea burujabetza sozial handiagoz.
Hautagaiek LABek defendatzen dituen tresnetako bat edo gehiago martxan jartzeko konpromisoa har dezakete. Horretarako, hautagaiek online erantzun dezakete edo dokumentua deskargatu (hemen klikatuz) eta guri itzuli. Erantzunak publiko egingo ditugu lehen itzulia baino lehen, boto-orientaziorik eman gabe.
Bukatzeko, LABentzat garrantzitsua da hautagaiek jabetzea lurraldeko agenteen enplegatzaile izateko lehian ere badaudela. Gogorarazi nahi dugu Funtzio Publikoko hauteskunde profesionalak urte bukaean eginen direla, eta LABek berriro ere zerrendak aurkeztuko dituela; izan ere, kalitatezko eta guztiontzat eskuragarri diren zerbitzu publikoen alde borrokatzeaz gain, agenteek lan baldintza egokietan eta bizitza duin baterako moduan jardun dezaten ere borrokatzen gira.
Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruzko gogoetak indarra hartzen ari dira herriko bozen kanpainaren testuinguruan; haren garapen eta aitortza sozialak ere eztabaida honen erdigunean egon behar dute.








Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago