Igandeko lanari ez!
Elkargoko hautetsi eta Ipar Euskal Herriko auzapez Andere eta Jaunei
"Urtero bezala garai honetan, auzapez edo Euskal Hirigune Elkargoko kontseilari gisa, Lan Kodeko L 3132-26 artikuluaren arabera, saltegiek zuen baimena galdeginen dizuete, haien langileen igandeko asteko atseden arauari ez jarraikitzeko.
Izan ere, artikulu horrek aurreikusten du asteko atsedena normalki igandez egiten den txikizkako merkataritza (commerce de détail) enpresetan, atsedenaldi hori igande batzuetan ken daitekela, Herriko Kontseiluaren iritzia hartu ondotik, auzapezaren erabakiz. Auzapezak igandeko atsedenaldiari salbuespen baimena ematen ahal du, gehienik 12 igandez urtean. Hala ere, 5 igandetatik goiti, auzapezaren erabakia Elkargoaren adostasunaren ondotik hartua da.
Beraz, baimen horrek lurraldeko langileengan ukango dituen ondorio eta eraginak azpimarratu nahi genizkizueke.
Asteko atseden eguna, lan kodeak igandetan aurreikusten du, eta hori "langileen onerako" (lan kodearen L 3132-3 artikulua). Atseden egun komun bat finkatuz, langileek gutxienez 35 oreneko atsedenaldi bat ukaten ahal dute (asteko atsedenaren 24 orenei, eguneko 11 oreneko atseden denbora gehitu behar zaie), eta aldi berean, beren lagunarte eta familia bizitzaren errespetua bermatzen zaie.
Igandeko atseden egun honek, eskolarik gabe ere, hurbilekoekin, astean egun batez bederen, elkartzeko aukera ematen du, familia, lagunarte, elkarte bizitza zaintzeko eta, horrela, gutariko bakoitzaren ongizate pertsonalerako beharrezkoa den lotura soziala mantentzen du. Ondorioz, aste betean hartutako atseden egun batek ezin luke konpentsatu igande batean hurbilekoekin partekatu gabeko denbora galtzea.
Insee-k 2016an egindako ikerketa baten arabera, igandeetako lanak soziabilitate galera bat eragiten du, ondorio oso argiak dituenak familiako eta lagunarteko harremanetan (%15 eta %30, hurrenez hurren, igandeetako lanik gabeko eskema klasikoarekin konparatuz), eta horrek loturen hauste partziala edo osoa ere ekar dezake.
Anitzetan saltokiek, salbuespen-eskabideetan, agerian uzten dute langileek igandeetan lan egitea borondatezkoa dela, eta trukean langile horiek diru abantailak dituztela.
Ordea, boluntariotzaren printzipioak ezin du benetan bermatu soldatapekoen aukera askea, lan-kontratuaren esparruan langile horiek enplegatzailearen menpekotasun juridikoaren pean direlako.
Gainera, sektore horietako langileek ere hertsapen ekonomiko bat jasaten dute, haien soldata ikusirik ez baitute beste hauturik: igandeetan lan egitea onartu eta horrela haien lan egunaren ordainketa hobeagoa jaso! Zentzu horretan, enpresariek erabiltzen duten argudio ekonomikoa guztiz hipokrita da; izan ere, beren langileei duintasunez bizitzeko aukera emango dien lan saria bermatu beharrean, igandean lan egitera akuilatzen, eta berdin behartzen dituzte, diru-sarrerak osatzeko.
Azkenik, txikizkako saltegiek egiten dituzten igandeko atsedenaldiaz salbuesteko eskaerak interes ekonomikoek eta bezeroek egunero, igandea barne, kontsumitzeko duten "beharrak" bultzatzen dituzte. Horregatik, aukeratutako datak, gehienbat, operazio komertzialei edo kontsumo handiko garaiei dagozkie (urte bukaerako bestak, black friday). Alta, badakigu, krisi klimatikoa geldiarazi nahi badugu, gure ohiturak eta jarreraj eraldatu behar ditugula lehenbailehen, eta, bereziki, ingurumena suntsitzen duen kontsumo-jendarte honetatik atera behar dugula.
Premiazkoa da interes sozial eta ekologikoak interes ekonomikoen aintzinetik pasatzea eta igandeak guztiontzako atseden-egunak izatea!
Zuen herriko txikizkako saltegietako langileen igandeko atsedenaldiari salbuespen-eskabideak ez baimentzea galdegiten dizuegu, eta gai horri buruzko Elkargoko Kontseiluko deliberoaren kari aurka iritzi baten ematea.
Gure argudioak entzunak izanen direlakoan, onar ezazue, andere-jaunak, gure agurrik zintzoena.
Baionan, 2023ko azaroaren 30ean.
Argitxu Dufau, Idazkari Nagusia eta Joana Urruti Zerbitzu pribatuetako arduraduna."
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago