FUNTZIO PUBLIKOA GREBAN
Funtzio publikoko langileok : gure bizkar egindako aurrezkietaz leporaino aseak gaude! Abenduaren 5an denok greban!
Abenduaren 5an LABek Funtzio Publikoko 3 adarretako funtzionario eta kontratupeko langileak mobilizatzera eta grebara deitzen ditu.
Herritarren zerbitzura gaude gure ondasun komuna diren zerbitzu publikoen bitartez: osasuna, hezkuntza, zaintza, garraioa, hondakinen tratamendua, kultura… Gure betekizunak herritarrentzat funtsezkoak badira, giza baliabideak eta lan baldintza onak behar ditugu, baita langileoi bizitza duina bermatzen digun lansaria ere.
Alta 2017az geroztik, hurrenez hurreneko gobernuek, zerbitzu publikoa ahultzean, gure lan baldintzak hondatu, gure lansariak izoztu eta herritarrei emandako zerbitzua apaldu besterik ez dute egin. Azken iragarkiekin beste kolpe gaitz bat hartzen dugu.
Mobiliza gaitezen EZ errateko
- eritasun geldialdian 3 eguneko lansari gabeziari
- eritasun geldialdi egunengatiko kalte-ordaina murrizteari
- erosteko ahalmenaren berme indibiduala ez ordaintzeari
Funtzio publikoko lansarien laurdena osatzen dute primek eta indemnitateek, eta horiek ez dira kontuan hartzen erretreta pentsioa kalkulatzeko. Hala eta guztiz ere, gobernuak ordaindu nahi gaitu hierarkian gorago daudenek gutako bakoitzari emango lioketen balioaren arabera, gure eginbidearen zentzuraren, gure konpromiso profesionalaren edo “zerbitzatzeko” maneraren arabera.
Langile eta jendarte erronken mailako baliabideak eskatzen ditugu, politika publiko handinahiak, postu sortzeak, titularizazioak, indize puntuaren % 10eko gutxieneko baliohanditzea eta indize taulen birmoldaketa.
Premiazkoa da 1993koak diren indize gainsari berriaren (NBI) dekretuak eguneratzea eta 2001eko zatiketa geografiko batean oinarritzen den bizileku kalteordaina eguneratzea. Etxebizitzaren krisiak Ipar Euskal Herria bete-betean jotzen duen bitartean, gure lurraldeko agenteek ez dute honen onurarik jasotzen.
Haur txikien hezitzaileok, eskoletako irakasleok, erizainok, ATSEMok... gure lan zikloen, gure lan eraginkorraren aitortzaren eta gure osasuna eta segurtasuna babesten duten arauen begi bistako erasoei aurre egin behar dugu.
Emazte eta gizonen arteko lansari arrakala berehala bukatzea galdegiten dugu, eta 60 urterekin erretretara joateko borrokan segitzen dugu, gutienez smic-aren heineko pentsioarekin.
LABek Ipar Euskal Herri mailako negoziazio kolektibo mahainen hurbiltzea aldarrikatzen du demokrazia gehiagorako. Euskal Herrian gure tresnak sortuz, hurbiltasunezko zerbitzu publiko bat eraikitzeko baliabideak loru nahi ditugu, denen beharrei erantzuteko.
Euskal Herrian lan egin, bizi eta erabaki!
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago