Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, sindikalismo feminista!

2026-03-04  

Mundua irauli nahi dugu. Dena aldatu nahi dugu. Bizi dugun errealitatea eraldatzeko konprimisoa hartu genuen aspaldi eta horretan ari gara.

irudia

Kapitalismoaren aro basatiena bizitzen ari garen honetan, munduko esku gutxi batzuetan aberastasun gehien metatzen ari denean eta pobreziaren eta prekarietatean gero eta pertsona gehiago gauden honetan. Faxismoaren, ultraeskuinaren, ideia erreakzionario, arrazista, antifeminista, transbaztertzaileak... hedatzen ari diren honetan. Bizitza duinerako aukera gero eta gutxiagoren esku dagoela esaten digute, gorrotoa, beldurra eta kontrolak eztabaidak eta agenda politikoa baldintzatzen dituelarik.

Baina etsipena eta inmobilismoa probokatu nahi dutenen aurrean, feminismotik mundu honi aurre egiteko antolatzen gara. Aspaldi egin genuen hautua eta sindikalismoa ere horretarako tresna dela sinesten dugu. Antolatu ginen, emakumeok lan munduan gure borroka propioak artikulatzeko lehenengo emakume delegatuak lortu genituenean, antolatu ginen gure herri eta hirietako kaleetan Euskal Herrian aborto eskubidearen alde mobilizazio masiboak antolatzen, antolatu ginen merkataritzako langileak igandeetan ere lan egitearen mehatxuaren aurrean, kapitalaren aurrean bizitza aldarrikatzeko, zaintzak eta guztion bizitzak erdigunean kokatuz, gorrotoa eta nekropolitikak salatuz.

Ez dira gutxi irabazi ditugunak. Eta gaur egun ere bagabiltza, sistema kapitalista heteropatriarkal kolonialaren aurrean antolatzeko eta borrokatzeko aldarrikapenarekin aterako gara kaleetara. Gaur egun ere sistema eragiten dituen askotariko zapalkuntzen aurrean antolatzeko: indarkeria matxistaren aurkako estrategia kolektiboak garatzen kaleetan zein lan zentroetan, edo soldata arrakalaren aurkako borrokan.

Lehen lerroan egon nahi dugun borroka  sindikalean.  Gu geu izan nahi dugu borroka honen protagonista, egoera aldatzeko giltza. Martxoaren 8an emakume* guziak kaleak hartzeko prest gaude!

Sindikalismo feminista aldarrikatzeko eguna ere bada gaurkoa, faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, aliantza feministak eraikitzen jarraitzeko. Autoritarismoaren eta faxismoaren eskutik datorkigun kapitalismoaren berrantolaketaren aurrean, gure errezeta kontrabotere sindikalismo feminista delako. Feminismotik beste mundu bat posible delako!

Borroka feministak merezi du!

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Gure ahotsak batu ditzagun gure lanbideen alde!