Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin bildu gara

2026-06-17  

Ipar Euskal Herrirako egitura sozioekonomikoa eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzeko urratsak egin ditzan eskatu dio LABek Euskal Hirigune Elkargoari, eta horretarako egina duen proposamena helarazi dio Alain Iriartek gidatutako taldeari.

irudia

LABek eskatuta, Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriarekin bildu da LAB gaur. Era berean, Christelle Mange Giza baliabideen, Elkarrizketa sozialaren eta emazte eta gizonen arteko berdintasunaren ardura duen lehendakariordeak, Raymond Darricarrere Laneko Bizi Kalitatearen arduradun kontseilari delegatuak eta Remi Bochard zerbitzuen zuzendari nagusiak ere hartu dute parte bilkuran.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak gogorarazi du LAB dela Europan bi estatutan antolatutako sindikatu bakarra. 50 urteko ibilbidearen ondoren, horietatik 25 Ipar Euskal Herrian ere eginda, LAB bigarren indar sindikala da Hego Euskal Herrian eta gero eta ordezkaritza handiagoa du Ipar Euskal Herrian.

Sindikatu gisa LABen egiteko nagusia langileen eskubideak defendatzea bada ere, sindikatuaren izaera soziopolitikoa nabarmendu du Arroyok, eta lurraldeko lurraldeko bizitza politikoan parte hartzen duela, lan eta bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Horregatik, gure herriko instituzioek LABen proposamenak eta aldarrikapenak entzutea sindikatuarentzat garrantzitsua dela aitortu du koordinatzaile orokorrak. Arroyok Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariei adierazi die egungo eredu sozioekonomikoa ez dela onargarria, eta krisi ekosozial larri baten erdian gaudela. LABek eraldaketa sozialaren alde eta eredu bidezkoago baten alde egiten duela adierazi du, eta, norabide horretan, Euskal Hirigune Elkargoaren zenbait eskumenek aurrerapausoak ematen lagun dezaketela.

Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak, bere aldetik, Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariei gogorarazi die 2024ko irailean aurkeztu zuela sindikatuak Hemen Erabaki proposamena, Ipar Euskal Herriarentzako egitura sozioekonomikoa eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzeko asmoz taxututako proposamena, iritzita ezinbestekoa dela tresna egituratzaileak eta erabakiak hartzeko instantziak ezartzea, datozen urteetan Euskal Herriko langileen interesak babestea eta defendatzera helburu dutenak.

Proposamena aurkeztu ondotik, Ipar Euskal Herriko eragile ugarirekin bildu zen LAB, Dufauk gogora ekarri duenez, tartean garaiko lehendakari Jean Rene Etxegarairekin. Bada, Dufauk ezinbestekotzat jo du gai horri buruzko elkarrizketa izatea lehendakari berriarekin eta bere exekutiboko kideekin. Dokumentu horren ideia nagusia gure lurraldeak burujabetza sozial handiagoa lortzea dela azaldu du Dufauk, negoziazio eta erabakiguneak hurbilduz, gure bizi eta lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Proposamena eskura eman die Argitxuk Elkargoko kideei.

Gaurdanik bertatik, borondate politiko sendo baten bidez martxan jar daitezkeen hiru tresna zehatz identifikatzen ditu, LABek, eta horretarako borondatea eskatu die Dufauk Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariei.

1. Behatoki sozioekonomikoa

2017an tresna hau ikuspegi nagusiki ekonomiko batetik sortu zen. Orduan mugapen hori salatu zuen LABek. Garaiko lehendakaritzari eskatu zion behatokia ikuspegi ekonomikora mugatu ez zedin eta dimentsio soziala ere integra zezala. Ez zuen entzun. LABek uste du tresna horren bilakaera garrantzitsua dela lurraldeko biztanleen beharrei erantzungo dieten politikak eraikitzeko eta bi alor banaezin horien inguruan eragileak elkartzeko.

2. Tokiko Batzorde Parekidea (CPL)

Tresna horrek sektore pribatuko langileei eragiten die. Dufauk ez du puntu horretan asko sakondu, ez baita zuzenean Euskal Hirigune Elkargoaren eskumenen barruan sartzen. Hala ere, gogorarazi du batzorde horren sorrera benetako erronka dela langileen lan baldintzak hobetzeko eta Ipar Euskal Herriko lehen enplegatzaileak diren enpresa txikietako langileei ordezkaritza bermatzeko.

3. Lurralde mailako CSTI/CAP instantziak

LABek eharrezkotzat jotzen du Euskal Hirigune Elkargoaren eskalan  lurraldeari dagozkion instantzia sozial propioak sortzea, bere ekintza-gaitasuna eta burujabetza indartzeko.

Sindikatuaren ustez, 300.000 biztanletik gorako lurralde bat administratzeko gai bagara, tokian tokiko kudeaketa egiteko gai ere izan beharko genuke administrazio publikoko langileei dagozkien gaietan, hala nola:

  • Elkarrizketa eta negoziazio kolektiboan;
  • Karrera profesionalen banakako kudeaketan.

Aldaketa hori juridikoki posible da. Horretarako, batez ere, urrats hori emateko borondate politikoa behar da.

Amaitzeko, Iban Ibarburu Euskal Hirigune Elkargoko LABeko ordezkariak agenteek helarazitako kezka nagusiak aurkeztu ditu. Nabarmendu du negoziazio kolektiborako dauden instantziak indartu behar direla eta lan baldintzak zein laneko bizi kalitatea hobetu behar direla. Era berean, gogorarazi du hurrengo abenduan hauteskunde sindikalak egingo direla.

Solaskideek interesa agertu dute LABen proposamenarekiko. Elkarrizketa sozialaren eta adostasunaren bilaketaren garrantzia azpimarratu dute. Haien esanetan, politika publiko sendo bat garatzea dute helburu, eta hori epe luzeko aldaketen eraikuntzaren barruan kokatzen da. Hemen Erabaki proposamenaren lurralde ikuspegia sakon aztertzeko bide interesgarria iruditu zaie.

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Gure ahotsak batu ditzagun gure lanbideen alde!