Selekzioa, hona zer erantzun ematen duten eraginkorra ez den sistema bati buru egiteko

2018-02-02  

LAB Hezkuntza-ren agiria lizeoen eta unibertsitateetarako erreformaz.

irudia

Garai nahasietan gabiltza... geroa hits eta ilun datorkigu ! Lizeo eta unibertsitateerako erreformak belaunaldi oso bat baldintzatzen du ! Ez ditzagun egitera utz !

Goi mailako ikasketen jarraikitzeko : selekzioa, hona zer erantzun ematen duten eraginkorra ez den sistema bati buru egiteko. Salagarri deritzogun « zortean tiratze » sistemari ihardokitzeko, orain arte APB plataforma zena, hemendik aitzina are okerragoa den Parcoursup-ek ordezkatuko du ! Zalu-zalua prestatua eta parlamentuan eztabaidatu gabe, inposatua izan zaigun beste erreforma bat. Azken urte hauetan, gobernu ezberdinek darabilten egiteko moldea dugu honako hau : erreformak bata bestearen ondotik sakatu, jendarteak ez dezan horien gogoetatzeko edota aztertzeko denborarik ukan.

Orai arte Baxoak goi mailako ikasketen ateak idekitzen bazituen, hemendik goiti ez dateke unibertsitateetan sartzeko betebeharreko irizpide bakarra. Hori dela eta, « gaizkien » sailkaturik izanen diren baxodun berrier, anitz galdeginak diren unibertsitateetan (eta gero eta gehiago dira) sartzea ukatzen ahalko zaie. Gobernu honek goi mailako ikasketen ateak dener ideki beharrean, unibertsitateetan sartzeko selekzioa plantan ematen du. Erreforma honek jendarte osoa aintzat hartuko lukeen egiazko hezkuntza politika anbizioso eta justuago bat eskeini beharrean, ezberdintasun sozialak areagotzen ditu.

Baxoaren eta lizeoen erreforma : ezberdintasunen eragile
Unibertsitateetarako erreforma hau eredu anglo-saxoi, ultra-liberala duen lizeoen eta baxo berriaren  erreformaren jarraikian kokatzen da. Lizeoan, gobernuak egungo L, ES, eta S sailak kendu nahi ditu. Aurrerantzean ikasleek behar lituzkete bi ikasgai « nagusi » eta bi « bigarren mailako » ikasgai hautatu unibertsitateer ahal bezain ongi egokitzeko.

• Funtsean irizpide sozialak baldintzatuko dituen sasi-hautu bat besterik ez da. • Espezializazio goiztiarraren arriskuak : ikasleak biziki goizik beren bideen markatzera behartuz, kultura orokorreko jakintzak bazterrerat utziko dira. • Ikasgaien arteko lehia indartu : zientziak barne bilduko lituzkeen ikasgai « nagusiak », eta « bigarren mailako » ikasgaien artean desoreka sortuz ?!! • Erreforma hau, unibertsitateetarakoa bezala, arrazoi ekonomikogatik egina da. Lizeoetako irakaskuntza kalitateari baino, aurrekontuari egiten zaio kasu : azterketen edota opzioneen kopurua ttipituz, postu eta oren kopurua apalduz, lan denbora luzatuz eta desorekatuz (anualizatuz), lan administratiboa handituz, irakaskuntzaz haratagoko zereginak betez (orientazioa kasu)...

• Zer gero dukete egun jadanik gutietsiak diren teknologiko eta profesional sailek ? Espezializazio goiztiarrak sail ezberdinen arteko zurubiak etenen ditu ; ikasle horier unibertsitateko sartzea oraino gehiago zailduz. • Egun dauden ezberdintasunak areagotuko lirateke : sailen artean (batzuk elitistagoak izanez), lizeo batetik bestera (eskaintza ezberdina izanez), eta eremu geografiko batetik bestera. Unibertsitateen arteko hierakia ere azkartuko litzateke: bikaintasuneko unibertsitateak eta arruntak.

 

Kapitalismo neo-liberalaren meneko diren hezkuntzako erreformak Etengabeko konkurrentzia eta enpleguak geroago eta ezegonkorragoak diren sistema honetan, ikasle bakoitza bere ikasketa orriaren eraikizale bilakatzen da, « bere orientazioaren aktore ». Konpetentzia jakin batzuer loturiko ikasgaiak hautatu beharko ditu, C.V garbi eta duin bat eraikiz, harek hautatu unibertsitatean sartzeko gisan. Eginmolde hau jendarte neo-liberalaren logika betebetean sartzen da zointan norberak frogatu behar duen konpetente dela, eta norbera da bere lorpen ala porroten erantzule bakar. Blanquier-Vidal erreformek sistema ultra-liberalaren meneko izanen den gazteria esaneko eta otzana nahi dute.

 

BORROKATZEKO ANTOLATU  !
Ekonomia arrazoinak aitzinean ezarriz sozialki xumeenak diren ikasleak baztertzen dituen erreforma hau ozenki salatzen dugu. Lizeo zein unibertsitateek eztabaidatzeko, gogoetatzeko eta harreman kulturaletarako gune aske eta dohakoak izaten segitu behar dute. Hezkuntzaren ikuspegi berritzaile baten beharra dugu zointan ikasle, buraso eta irakasleak izanen diren zinezko eragile eta erabakitzaile. Ez dezagun biharko eskola ideia atzerakoiak dituzten teknokrata batzuen eskuetan utzi. Ororen zerbitzura izanen den hezkuntza justuago baten asmatzeko mugi gaitezen, bil gaitezen, batu gaitezen. LABek ikasle, irakasle eta burasoak lizeo eta unibertsitateetako Biltzar Nagusietan parte hartzera deitzen ditu informatzeko, antolatzeko eta mobilizazioen indartzeko.

 

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Lehen Brigada Soziala osatua

Euskal Herria Macron legetik kanpo

ekimen ibiltaria: Lan duina bizi duina!

Kanporatzerik ez! Ikatza Sokoa-ko nagusientzat!