Xuti Gazte! antolakundearekin batera “Gazte langileon gida” aurkeztu du LAB sindikatuak
Lan munduari lotutako oinarrizko ezagutzen berri modu errazean izatea ahalbidetuko duen tresna izango da, betiere, kolektiboaren garrantzian azpimarra jarrita.
Gazteen artean prekaritatea agerikoa da, askok lan baldintza kaxkarrak baizik ez dituztelako ezagutu; soldata apalak, kaleratzeak edota kontratu gabeko lanak, adibidez. Horrez gain, krisiek zein azken urteotako lan eta erretreta erreformek egoera okertu baino ez dute egin.
Hori dela eta, LAB sindikatuak eta Xuti Gazte!-k elkarlanean sortu dute Gazte langileon gida, ezagutu beharreko oinarrizko informazioa dakarrena; izan ere, jakina da ustez bermatuta dauden hainbat eskubide ez direla errespetatzen, eta gidak horiek borrokatzeko tresna izan nahi du. Hala ere, aurkezpenean azpimarratu dute, gutxieneko eskubide horiek lortzeaz harago, prekaritateari eta sistema kapitalistari aurre egitearen beharra. Hala, borroka lantokietara, ikastetxeetara, karriketara eta beste eremu guztietara eramateari garrantzia eman diote.
LABen izenean aritu diren Joana Urrutik (Ipar Euskal Herriko Zerbitzu Pribatuetako arduraduna) eta Heren Muruagak (Ipar Euskal Herriko Industriako arduraduna) nabarmendu dute gazteen lehen kontratuak prekarioak izan ohi direla: ikastaroak, kontratu mugatuak, denbora partzialekoak... Hori gutxi ez, eta usutan adin ezberdintasunak nagusiarekiko menpekotasun harremana areagotzen du.
Bada, liburuxka honetan laburbildu dituzte jakin beharreko hainbat kontu. Gainera, zuzenbidea aldakorra denez, gida noizean behin eguneratu egingo dute.
Langile gazteen gida honek bederatzi puntu nagusi biltzen ditu:
1. Lan kontratua: Lan kontratuaren definizioa eta halakoak irakurri eta ulertzeko gakoak, zehaztuz zein
klausulatan arreta eman behar den.
2. Kontratu bereziak: Askotan kontratu bereziak izenpetzera bultzatzen dituzte gazteak, eta horien
berezitasunak argitarat ateratzen ditu gidak.
3. Lansaria eta paga orria: lansariaren inguruko eskubide zein arauak eta paga fitxak dituen atal ezberdinen azalpena, adibideetan oinarrituta.
4. Lan denborak: Lan denborari buruzko oinarrizko informazioa
5. Atseden denborak: Atseden denborei buruzko arauak, adingabekoen muga bereziak, eta abar.
6. Opor ordainduak: Opor ordainduen oinarrizko printzipioen azalpena.
7. Lan geldialdiak: Lan geldialdiei buruzko informazioa; batez ere, lansarian ekartzen dituzten ondorioak
kontuan harturik.
8. Kontratu bukaerak: Molde ezberdinen azalpena eta dituzten ondorioena; langabeziari dagokionez, esate baterako.
9. Kolektiboaren garrantzia: Kolektiboki antolatzeko existitzen diren aukerak mahai gainean jarri dira gidan.
Izan ere, sindikatuarentzat nahiz gazte antolakundearentzat horixe da eskubideak errespetatu zein berriak irabazteko tresnarik eraginkorrena. Gidan askatasun sindikalari, langile ordezkaritzari nahiz greba eskubideari buruzko azalpenak bildu dira.
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago