Martxoa 8: emazte langileok borrokan!
LAB sindikatuak Emazteen* Eskubideen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako Martxoaren 8ko mobilizazio guztietan parte hartzera deitu du!

Sistema kapitalista heteropatriarkalak emazteak* zapaltzen ditu. Gaurko lan mundua esplotaziorako lekua da klase langilearentzat. Are gehiago emazte langileen kasuan: soldata arrakalak, inposatutako edota jasandako denbora partzialak, sektore feminizatuen desbalorizazioa, ardura postuetatik bazterketa, sexismo sistemikoa, kontratazioaren diskriminazioa, jazarpen moral edota sexuala, indarkeria sexista eta sexuala,
Are gehiago, zaintzari lotutako lanak, ordainduak izan ala ez, oraindik ere gehiegitan geratzen dira emazteen* kargu. Ikusezinak edo mespretxatuak izan arren, zaintza horiek, zerbitzu publikoak justuki partekatzen edo artatzen ez dituenean, frenoak dira emazteen* ibilbide profesionalentzat. Gehienetan haien ardura izaten dute oraindik, atseden, aisialdi, engaiamendu sozial edo politiko baten kalterako.
Legeak edo “kausa makronista handiak” ez dira nahikoak emazteak* indarkeria guztietatik babesteko eta haien eskubide oinarrizkoenak eskuratzeko. Horren erakusgarri, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea frantses Konstituzioan sartu arren, osasun sexual zentroak ixteko arriskuan dira, tartean Baionakoa. Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren desengaiamendu finantzarioaren ondorioz, emazte askok zailtasun handiak izanen dituzte « IVG »a eskuratzeko, eta lizeoetako prebisioak ez lirateke gehiago segurtatuko, besteak beste, osasun, gizarte eta psikologia ondorio larriekin. Horri gehitu behar zaizkio emazteendako* funtsezko zerbitzu horren eragileen ziurgabetasuna eta kontsiderazio eza.
Emazteok* garelako pairatzen ditugun bidegabekeria eta bortizkeria guztiekin amaitzeko baliabideak exijitzen ditugu!
LAB sindikatuak Emazteen* Eskubideen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako Martxoaren 8ko mobilizazio guztietan parte hartzera deitu du!
Gora emazte langileok borrokan!
Gora borroka feminista!
Materiala hemen telekargatu azpian klikatuz
LABeko afitxa
LABeko trakta
Trakta intersindikala
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago