Maiatzak 1 : Aldaketa da aukera!

2021-04-22  

Gure eskubideen defenditzea beharrezkoa delako, langile guztiok hitzordua dugu 11etan Baionako Lan Burtxan. Elkarrekin, sistema kapitalistari aurre egin dezagun, #AldaketaDaAukera

irudia

Pandemiak azkartu egin du lehendik zetorren krisia: larrialdi klimatikoa, energia iturri eta materialen agortzea, lehia inperialista, migrazio mugimendu masiboak, zaintza sistemaren gabe-ziak, enplegu suntsiketa. Sistema hau, bidegabea ez ezik, eutsiezina ere bada. Aldaketa ekidinezina da, hala nazioartean nola Euskal Herrian.

Europako funtsekin ikusi den bezala, kapital trasnazionalak energia iturriak ordezkatu besterik ez du nahi, bere etekinei eusteko asmoz; horixe da estatuek nahiz bertako instituzio nagusiak kudeatzen dituzten alderdi sistemikoek hartutako bidea. Aldiz, Euskal Herrian badago bigarren aukera baten aldeko esparru sozial, sindikal eta politiko zabala: herri burujabetzan sakondu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizio ekosozialista eta feminista.

Izan badugu aukera norabidea aldatzeko, antolatu eta borrokatuz gero. Zaintza sistema publiko komunitarioa, eta oro har, zerbitzu publiko sendoak aldarrikatzeko grebak egin ditugu. Eskualdez eskualde enplegua defendatzeko herri harresia osatzen ari gara. Prekaritatearen kontrako borrokak pizten ari gara. Eta pentsio duinen alde mobilizatzen gara.

Maiatzaren Lehenean bultzada emango diogu borroka aldi berri honi. Elkar zaintzea, elkartasunez jokatzea eta elkarrekin mobilizatzea da bidea!

 

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

TPEko hauteskundeak: LAB bozka!

Lan harremanak eta negoziazio kolektiboaren esparrua Ipar Euskal Herrian