M1: langileok eragin!
Maiatzaren Lehenean, denok karrikara! Manifak: Baionan 11etan eta Maulen 10ak30tan.
Maiatzaren Lehena besta egun bat baino askoz gehiago da: langileen nazioarteko borroka eguna. LAB sindikatuak mobilizaziora eta manifestaziora deitu du aurten Euskal Herriko hiri eta herri askotan; tartean, Baionan eta Maulen.
Azken asteotan egun hau zalantzan jarri bada ere langile klasearentzat ukiezina izan beharko lukeena, gure eguneroko bizitza da etengabe erasotua izaten ari dena. Kapitalistek krisi ekosozial iraunkorra eragiten dute. Antolatzen eta borrokatzen segitu behar dugu gizarte justu, feminista, antirrazista, solidarioa eta jasangarria lortzeko.
Nazioarteko testuingurua bereziki kezkagarria da: eskuin muturreko ideologiaren gorakada, interbentzio inperialistak eta gerrak areagotzen ari dira. Tentsio eta ziurgabetasun giro batean gara, eta horretan desberdintasunak gero eta handiagoak dira. Langile klaseak sistema kapitalista heteropatriarkalaren ondorioak bete-betean pairatzen ditu. Patronalak, gobernuekin batera, gure bizitzak prekarizatzen dituzten eta planeta suntsitzen duten politika eta erreforma bortitzak inposatzen ditu. Euskal Herria ere ez dago arrisku globaletatik salbu.
Langileen alde, hemen erabaki!
Ez dugu ezer espero Paristik, ezta Madrildik ere! Aspaldidanik bi estatu horietako gobernuek gure ordez erabakitzen dute, eta zerbitzu publikoen eta langileen oinarrizko eskubideen suntsiketa inposatzen digute.
Lan baldintzak, lansariak eta pentsioak duintasunez eta euskaraz bizitzeko aukera lortzeko negoziazio eta erabakiguneak
gerturatzea ezinbestekoa da. Gure esku dago antolatzea, patronalaren aitzinean benetako indar-harremana
eraikitzeko, negoziazio kolektiboko eremuetan, Ipar Euskal Herri mailan, sektore publikoko zein pribatuko
langileentzat. Tresna hauek benetako alternatiba dira Ipar Euskal Herriak,
bere aitortza sozialaren bidez, euskal langile klasearen alde jarduteko ahalmen handiagoa izan dezan.
Ipar Euskal Herrian Tokiko Batzorde Parekidea (CPL) eta Herriarteko Lurralde Gizarte Batzorde Soziala (CSTI) sortzea urrats handia da lurraldearen burujabetza sozialerantz, hobekuntza sozialaren eremu bilakatzeko.
Etsimendurik ez, borroka da bidea!
Ez dago fatalitaterik. Defendatu eta martxan jarri beharreko proiektu soziopolitiko bat badugu, enpleguaren,
zaintza lanen eta aberastasunaren banaketa justua bermatzeko. Sistemaren aldaketa sakona behar dugu, eta horretarako afiliatzen eta antolatzen jarraitu behar dugu, bai karrikan bai gure lantokietan.
DEIALDIAK:
BAIONA – 11:00 Geltokia
MAULE – 10:30 Kioskoan








Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago