Lan osasunaz hitz egiten dugun bitartean, lanak HILTZEN du!

2025-02-26  

LAB sindikatuak langile guziei martxoaren 7an ostiralarekin, 13:30tan, Baionan mobilizatzeko dei egiten die. Mobilizazio honen bidez, lan istripu hilgarriak ikusiarazi nahi ditugu, eta baita ere 2022ko martxoaren 9an obrako garabi baten erorketan lanean hil zen Mohamed K. omendu.

irudia

LAB sindikatuak langile guziei martxoaren 7an, ostiralarekin, 13:30tan, Baionan mobilizatzeko dei egiten die.
Mobilizazio honen bidez, lan istripu hilgarriak ikusiarazi nahi ditugu, eta baita ere 2022ko martxoaren 9an obrako garabi baten erorketan lanean hil zen Mohamed K. omendu. Zoritxarrez, bere heriotza ez dago isolatuta. 2022an 789 pertsona hil ziren frantses Estatuan eta 69 Euskal Herrian.
Euskal Herrian, kopuru horri 59 hildako gehiago gehitu behar dizkiogu 2023ko, eta 64 gehiago 2024an.
Ipar Euskal Herrian, laneko heriotza gai tabua izan da beti, baina Mohamed K. 2022ko martxoaren 9an hil izana elementu klabe bat izan da gutariko askorentzat. 2022az geroztik, gure 4 sindikatuak (CGT eraikuntza 64, FSU, LAB eta Solidaires) biltzen dira, eta lehen ekintza protokolo bat eraiki dugu lan istripu larri edo hilgarri baten aurrean.
Enpresetan prebentzioa egitea da protokolo honen helburua, baina, batez ere, azkar erreakzionatzea lan-istripu larri edo hilgarri baten aurrean.
Sindikatuen arteko lan horrek oihartzuna izan du Euskal Herritik kanpo ere bai, eta Parisen antolatzen den langileen osasun eta segurtasun jardunaldietan parte hartzera gomitatzen gaituzte, heldu den martxoaren 25 eta 26an, gure protokoloa aurkezteko.
Heldu den apirilaren 28an, laneko osasunaren eta segurtasunaren nazioarteko egunean, gure protokoloa ahal duten ordezkari guziei aurkezteko une bat ere antolatu nahi du Euskal Herrian.
Hemendik aitzina, martxoaren 7ko mobilizazioan parte hartzera gomitatzen zaituztegu, eta protokoloa zure kide guzien artean banatzera ere bai.

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago