Lan istripuen kontrako protokolo intersindikala
USCBA CGT, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuak lan instripuei aurre egiteko lehen protokoloa publiko egin dugu. Lan istripu gehiagorik ez!
USCBA CGT, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuak lan instripuei aurre egiteko lehen protokoloa publiko egitea erabaki dugu.
4 sindikatuok hainbat mobilizazio antolatu ditugu azken 3 urte hauetan heriozko lan istripu bakoitza salatzeko. Guretzat ezinbestekoa da agerian uztea hain oihartzun gutti duten lan istripu guzi horiek. Arruntak, larriak, oso larriak edota hilkorrak izan, lan istripuak ezin ditugu ohiko bilakarazi.
Azken urteetan mobilizatu gira hilak eragin dituzten lan istripuen aintzinean nahiz eta jakin beste hainbat istripu oharkabean pasatzen direla.
Hortaz gure protokoloa gaur hemen aurkeztea erabaki dugu. Izan ere, duela justu 4 urte, Donibane lohitzuneko Prado jatetxean 3 langile larriki erreak izan dira. 2024ko apirilaren 9an, hau da 4 urte berantago, garaiko enpresaburua eginbeharrak ez betetzeagatik kondenatua izan dela jakin dugu nahiz eta ia inork horren berri ez izan.
Protokolo honen bitartez ahal bezain bat langilentzat tresna eskuragarri bat sortu nahi dugu enpresetara modu pedagogikoan iritsi ahal izateko. Lan istripuen aintzinean erantzunak automatizatzeak eraginkortasunean lagungarri izan daitekela pentsatzen dugu. Intersindikalean egin ezkero, denbora aurreztu eta lan istripuen aintzinean erantzun egokia emateko parada emango digu.
Hitz guttitan laburbiltzeko, protokoloak lan istripuak agerian jartzeko edo ikusgai izaiteko parada emango digu larrienak eta heriotza dakartenak salatuz. Entrepresetan lan istripuak ekiditzeko asmoz langileak sensibilizatu nahi ditugu eta bide batez langile eta sindikatuen arteko harremanak sortu edo sendotu.
Bihartik aurrera 4 sindikatuok protokolo hau banatzen hasiko gira gure delegatu zein gure sindikatuetatik kanpo diren delegatuei. Langileei dei berezia egiten diegu alde batetik protokoloa irakurri eta barneratu dezaten, bestalde haien enpresan lan istripu baten aintzinean isolaturik izan ezkero, gurekin harremanetan jartzea eskatzen diegu ere.
Azpimarratu nahiko genuke dokumentu hau dokumentu ireki bat dela eta beste sindikatuak juntatzeko aukera dutela nahi izan ezkero. Hobetzeko eta garatzeko aukera eman behar diogu protokolo honi.
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago