LABek Bagoazekin bat Oier Gomez euskal presoaren askatzea eskatzen du.

2017-02-24  

LABek Ipar Euskal Herriko eragile sozial eta politiko anitzek bezala Bagoazek egin duen aldarrikapenarekin bat egin du. Hau da larriki gaixorik den Oier Gomezen berehalako askatasunaren eskaera. LABek parte hartuko du eri diren eta zigorra bukatu duten presoak aske uztea fermuki galdeginen duen martxoaren 25ean Baionan antolatuko manifestazioan.

irudia

Hona  Bagoazek ostegun hontan antolatu prentsaurrekoari buruzko Kazeta infok plazaratu artikulua:
 
"Beste behin ere, Oier Gomez euskal presoa egoera larrian dagoela salatu du Bagoazek. Aldi honetan, ez zegoen bakarrik. Hain zuzen, kolektiboko partaide diren hainbat eragile sozial eta politikoekin batera agerraldi bat antolatu du otsailaren 23an Baionan. Hala nola, EH Bai, Lab, Etxerat, Europa Ekologia Berdeak eta Aitzina. Prentsaren aitzinean, bigarren minbizia pairatzen duen euskal presoaren egoera "oso larria, ezin jasanezkoa eta onartezina" dela deitoratu du.

Otsailaren 10az geroztik erietxean dago Gomez. Urgentziaz ebakuntza bat egin zioten bizkarrezurrean masa batek presio egiten ziolako. Horrek gorputzaren beheko aldean mugikortasun galtzea eragin diola azaldu du Bagoazek. Biopsiaren emaitzek euskal presoak Ewing motako sarkoma bat duela ondorioztatu dute, eta garatua dago. "Metastasiak atzeman dizkiote buruko hezurrean eta pelbisean", erantsi du.

Bagoazek Oier Gomezen medikuaren agiria plazaratu du. Horrek erakutsi du "bere gaixotasunak bizitza arriskuan jartzen duela eta Oierri ezarritako tratamendu gogorrak ez direla bateragarriak presondegiarekin". Erietxetik ateratzea edota presondegira itzultzea ez direla aurreikusiak aipatu du kolektiboak. Bere egoera kontutan hartuz, epaileek kondena berrikusi beharko luketela uste du medikuak. Oroitarazi behar da, Gomezen abokatua den Clara Rougetek otsailaren 2an zigorra etetea eskatu zuela.

Oier Gomez DPS (Bereziki zaindua den presoa) bezala sailkatu dute. Hori dela eta, "oso oso kontrolatua" dela gaineratu du Bagoazek. "Bere gelako ateak beti hetsiak dira. Bere gelan sartzen diren guziak funtzionario batekin egin behar dute. Kanpoko bisita guziak eta gero, gorputz osoko miaketak egiten dituzte", esplikatu du. Halaber, astean bi oreneko bisita bakarra duela erran du.

Manifestazioa Baionan

Gobernu sozialistaren erantzukizuna salatu eta, Oier Gomez berehala askatasuna izatea exijitu dio Gobernuari. Bere aburuz, ardurak hartu behar ditu euskal presoa baldintza onetan artatua izan dadin. Hau da, "Euskal Herrian, bere senideen ondoan".

Kolektiboak agerraldia baliatu du Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Ion eta Unai Paroten egoera oroitarazteko. Apirilean 27 urte beteko dira lau euskal presoak kartzelan daudela. Ildo horretatik, eri diren presoen eta kondena bukatu dutenen askatasuna aldarrikatzeko manifestazio bat antolatuko du martxoaren 25ean Baionan."

 
 

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

TPEko hauteskundeak: LAB bozka!

Lan harremanak eta negoziazio kolektiboaren esparrua Ipar Euskal Herrian