LABek Mugerreko posta sailkapen zentroa blokeatu du
KAZETA.INFO.- LABek Postarekin duen gatazkaren baitan Mugerreko sailkapen zentroa blokeatu du gaur goizeko 6:00etatik 10:00etara. Sindikatuak Nicolas Borrega Donapaleuko postariaren berrintegrazioa galdetzen du bere lanean, baina egoerak aitzina ez duela egiten ikusita ekimena egitea deliberatu dute.
"Postak blokatzen du egoera eta blokatua den bitartean guk blokatzen dugu posta" adierazi du LABeko Eñaut Aramendik. 20-25 bat pertsona joan dira Mugerreko zentrora, kostaldeko posta guztia sailkatzen duen eraikin honetan lana ezin izan baita atzinatu gaur kostaldean ez da postarik izanen. "Postak galdu du egun bat eta hori zen helburua" gaineratu du Aramendik. Blokatzea eman delarik langile batzuk barruan baziren ere gehienak ezin izan dira sartu beraien lan tokira. Langileen artean batzuk haien sostengua eman nahi izan diote Borregari eta protesta egiten gelditu dira. CGTko Baionako postako ordezkaria ere hubildu da eta arratsaldean haien sostengua aztertuko dutela jakinarazi dute. Lan auzitegiko epaileak asteazkenean eman behar du afera honen gaineko ebazpena. Arratsaldean Lan Ikuskaritzarekin bilduko dira sindikatuko ordezkariak.
Idoia ERASO
Goizeko 6:00etatik 10:00etara Mugerreko sailkapen zentrotik ezin izan dira ez pertsonak ezta ibilgailuak atera edo irten ahal izan. LAB sindikatuak ateak blokeatu ditu, Nicolas Borregaren egoera salatzeko. Bertara Postako zuzendaritzako pertsona batzuk hurbildu dira, eta blokeoa gelditzea galdetu dute, baina ezezkoaren aitzinean blokeoa gelditu arte zain egon behar izan dira ateak ireki ahal izateko, baita barnean zen jendea atera aratzeko.
Gendarmeak ere izan dira Mugerren zuzendaritzak deituak, baina egoera lasaia zela ikusirik ez dute ezer egin. Uxera bat ere joan da blokeoa zertifikatzeko.
9:30ak aldera Postako nagusiek langileei etxera joateko baimena eman diete, baina batzuk protesta ekimenean gelditzea erabaki dutela azpimarratu du Aramendik: "Euripean gurekin gelditzea eskertzekoa da". Beste sindikatuetako ordezkariak ere hurbildu dira protesta ekimenera, bereziki CGTko Baionako postako ordezkaria, eta arratsaldean gaiaren inguruan komunikatuko ote duten deliberatuko dute. FO eta SUDek ere atxikimendua eman dezaketela aipatu du LABeko bozeramaileak.
Ekintzekin segitzeko asmoari buruz galdetuta "etorkizunari begira ez dugu ezer baztertzen" adierazi du Aramendik.
Donapaleuko postaria
Nicolas Borrega postariak lana burutu zuen Donibane Garazi, Iholdi eta Donapaleun otsailaren 2tik 16ra "Postarentzat lan egin zuen inolako kontraturik izenpetu gabe, guziz legez kanpoko egoeran". Horrez gain, beste ehun bat oren lan egin ditu eta "ez zaizkio ordaindu, lan izkutu gisara". Zor zaiona eman diezaioten eskatzen du langileak, hau da, berriz lanean hasi eta mugagabeko kontratua izenpetu.
Joan den astean berehalako prozeduraren bitartez epaiketa egin zen eta asteazkenean emanen da ezagutzera ebazpena.
Ekintzak Gaurko ekintza ez da LABek egiten duen lehena. Maiatzaren 16ean sindikata abertzaleko ordezkari bat Patrick Dallennes Baionako suprefetarekin hizketan aritu zen, suprefeturan. Eñaut Aramendi sindikatak azaldu zuen hitzorduak ez zuela "gauza handirik" ekarri Borregaren kasuarentzat.
Martxoaren 29an, LAB sindikatuko 20 bat kidek eta postako 3 langilek Donapaleuko posta okupatu zuten egun osoan, bertako langile baten kontratua ez baita berritua izan, "modu txarrean eta lan kodea errespetatu gabe" LABen arabera. 30 jendarmek inguruk indarrez kanporatu zituzten okupatzaileak. Garbiki ikusten da LABek grabatu duen kanporaketaren bideoan jendarmek indarkeria erabili zutela.
Iturria: LAB Baiona
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago