LABek Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitzen duela ospatu dugu Lekornen

2025-10-27  

Hainbat ekintza egin ditu LABek Lekornen, Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen lelopean, bere komunitatearen parte hartzearekin.

irudia

1974an sortu zen LAB, eta 2000. urtean hedatu zen Ipar Euskal Herrian. Urte horretako Maiatzaren Lehenean egin zuen lehen agerpen publikoa, Baionan. Horrela, lurralde honetan zabaldu izanaren 25. urteurrena betetzen da aurten. Hori ospatzeko, hainbat ekintza egin ditu LABek Lekornen, Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen lelopean, bere komunitatearen parte hartzearekin.

Kanakiako USTKE sindikatuko Mina Kherifen agurrarekin hasi da eguneko egitaraua, LABek nazioartean dituen harreman zabalen erakusle. Ondoren etorri dira Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko arduradunak bi ahotsetara egin duten hitzartzea.

“Inork ez digula ezer oparitu” aipatu dute; eta balioa eman diote militantziak egindako lanari: “badakigu hazten ari garela eta hori zuen lan nekaezinagatik izan da. Harro egotekoa da”.

Bazterketa sindikala ere hizpide izan dute: “Beste sindikatuek baztertu nahi gaituzte, eta badute motiborik kezkatuak egoteko, erakutsi baitugu LAB beharrezkoa dela Euskal Herrian”.

Gainera, LABen berezitasunak ere azpimarratu dituzte. “Egiteko beste modu bat da gurea. Langileak antolatu eta ahalduntzen ditugu, eta borrokak aktibatzen ditugu. LABen ekintza sindikala gertukoa da, bertatik bertara egiten dena, bertako errealitate espezifikoari eta beharrei erantzuten diena”. Mugarri zehatzei erreparatuz, Hemen erabaki dinamika eta urriaren 9an medikuntza sozialean egindako greba aipatu dituzte. Azken hau marko estatala alboratu eta Euskal Herriaren beharretatik sortu eta landutako mobilizazio egun garrantzitsua izan zen.

Horrela, 25 urte hauetako ibilbidea goraipatu dute, sindikatua bere presentzia zabaltzen eta bere eragin gaitasuna handitzen ari dela aipatuz. “Askapen nazionalerako LAB dugu tresna hoberena”, nabarmendu dute.

Ondoren, mahai-ingurua izan da LAB, 25 urteko ibilbidea eta borroka aitzina doa izenburupean, eta bertan parte hartu dute Dominika Daguerre LABeko sortzaileetako batek, Eñaut Aramendi LABeko arduradun ohiak, Henri Perez Sokoako delegatu ohiak eta Evelyne Mouesca sindikatuko ordezkari eta etxez etxeko langileak. LAB Ipar Euskal Herrian sortu zeneko testuinguruaz, sindikatuak egindako ibilbideaz eta ordezkari izateko edo afiliatzeko arrazoiez aritu dira.

Jarraian, elkarrekin bazkaldu dute Lekornen elkartutako LABeko komunitateko kideek, eta iluntzean kontzertuak izango dira, Los Piquillos, Zetkin eta Ekintza taldeekin, jaia eta borroka uztartuz.

Egun osoan zehar, ikusgai egon da sindikatuak Ipar Euskal Herrian izandako ibilbidearen berri ematen duen erakusketa.

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Gure ahotsak batu ditzagun gure lanbideen alde!