LAB sindikatuak Venezuelaren aurkako eraso militarra salatzen du
Euskal Herritik LAB sindikatuak, Estatu Batuek Caracaseko, Miranda, Aragua eta La Guaira estatuetako hirigune zibil nahiz militarretan, Venezuelaren aurka egindako eraso militarra salatzen du.
LAB Sindikatutik Venezuelako Errepublika Bolibartarraren aurka egindako eraso militarraren aurrean gure gaitzespen eta salaketa irmoena adierazi nahi dugu. Eraso berri honek nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria suposatzen du, eta kanpo-injerentziarik gabe bere oraina eta etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duen herri baten burujabetzaren aurkako eraso zuzena da.
Nazio Batuen Gutunaren urraketa larri baten aurrean gaude, bereziki 1. eta 2. artikuluena, estatuen burujabetzarekiko errespetua, estatuen berdintasun juridikoa eta indarraren erabileraren debekua ezartzen dituzten neurrian. Estatu Batuek Venezuelaren aurka egindako erasoak nazioarteko bakea eta egonkortasuna mehatxatzen ditu, bereziki Latinoamerikan nahiz Karibean, eta milioika pertsonen bizitza arrisku larrian jartzen du.
Eraso militarrek, mehatxuek eta interes inperialistetatik bultzatutako desegonkortze-politikek herrien sufrimendua areagotzea eta nazioarteko ezegonkortasuna handitzea besterik ez dute eragiten. Historiak erakusten du esku-hartze militarra ez dela inoiz konponbidea, baizik eta biztanleriaren benetako beharretatik kanpoko interes ekonomiko eta geopolitikoen zerbitzura dagoen menderatze-tresna bat.
LABetik herrien burujabetzarekin, autodeterminaziorako eskubidearekin eta gatazken konponbide baketsuarekin dugun konpromisoa berresten dugu. Indarrez eredu politiko, ekonomiko edo sozialak inposatu nahi dituen inperialismo, kolonialismo edo esku-hartze mota oro baztertzen dugu.
Venezuelako herriari, baita antzeko erasoak pairatzen dituzten gainerako nazio guztiei ere gure elkartasuna adierazten diegu. Nazioarteko komunitateari, mugimendu sindikal eta sozialei nahiz indar demokratikoei bakearen, herrien burujabetzaren eta justizia sozialaren defentsan mobilizatzeko deia egiten diegu.
Munduko herriek mehatxurik gabe, blokeo gabe eta gerrarik gabe bizitzeko eskubidea dugu
Gerrarik ez!
Gora herri askeak!








Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago