LAB hautagai departamenduko laborantxa ganbarako hauteskundeetan

2025-01-08  

Urtarrilaren 15etik 31ra arte departamenduko laborantxa ganbarako hauteskundeetan, langileok ere hitza badugu!

irudia

Hilabete honetan iraganen dira departamenduko laborantxa ganbarako hauteskundeak. Ganbara horretan, langileek ere ordezkariak dituzte eta bozkatzera deituak dira urtarrilaren 31ª arte.

 

Hauteskunde prozesu hastapen hau ez da erresa izan. Hau da, beste urteetan ez bezala, prefekturak, hauteskundeen antolaketaren kargua duena, antolaketa prozesutik kanpo mantendu gaitu gure ordezgarritasun izaera ukatuz.

 

Hori guztiz salatzen dugu. Departamendu mailako hauteskunde batzuen antolatzeko Frantziako estatu mailako datuen gainean oinarritzeak ez du zentzurik. Tokiko errealitatea, tokiko bozak eta ondorioz, gure aldeko bozak ukatuak dira: duela 6 urte, hauteskundeetan LAB departamenduko bigarren indar atera zen, bozen %24arekin! Oztopo hauen gainetik, LAB zerrendak aurkezten ditugu langileen bi kolegioetan 3A eta 3B.

 

A3 ZERRENDA:

  • Peio Lacoste, langile (Xixtroak)
  • Camille Albisetti, etxaldeko langile
  • Dani Errecart, paisai-antolatzaile (Lafitte)
  • Monik Garate, saltzaile (Baserria salgunea, Donibane Lohitzuneko azoka estalia)
  • Iban Etxegoin, etxaldeko langile

3B ZERRENDA:

  • Délia Delanne, animatzaile (EHLG)
  • Ekaitz Mazusta, langile (Azkorria gasnategia)
  • Laura Lumalé, animatzaile-formatzaile (AFOG)
  • Thomas Erguy, koordinatzaile (BLE)
  • Morgan Le Floch, hazkuntza teknikari (CDEO) 

Zertarako bozkatu?

 

Argi dugu, departamenduko batzorde honetan langileen arazoak ez direla serioski jorratuak edo azaletik.

 

Aldiz, bozka horiek laborantxan eta lanbide artean dugun ordezkagarritasunaren kalkuluan kondutan hartuak dira, hitzarmen kolektiboak negoziatu ahal izateko edo “prud’hommes” kontseiluan epaileak izendatzeko.

 

LAB bozkatzea, langileen lan eta bizi baldintzen hobetzearen aldarrikatzea da, batez ere:

  • Lan ordu guziak aitortuak eta ordainduak izateko;
  • Gure lurraldean duintasunez bizitzeko eta bertan bizitoki baten ukatea ahalbideratuko duen lansaria lortzeko;
  • Sasoilarien harrera eta bizitokia baldintza onetan bermatzeko;
  • Arrisku profesionalen prebentzioa hobetzeko eta laborantxako langileen segurtasuna  eta osasuna bermatzeko;
  • Formakuntza eskubideak bermatzeko eta kalitatezko prestakuntzak segitzeko lan denboran.
  • Aldarrikapen hauen eramateko sektoreko langile guzientzat, negoziazio kolektibo esparru bat aldarrikatzen dugu Euskal Herriko laborantxako langileentzat.

Gaur egundik, Tokiko Batzorde Parekide bat plantan ezartzen ahal liteke Ipar Euskal Herri mailan, langile eta nagusi ordezkariz osatua, lan baldintza hobeak negoziatzeko.

 

Horretarako, gure indar sindikala neurtzea Ipar Euskal Herri mailan baitezpadakoa zaigu. Aintzineko urteetan zenbakiak “arrondizamenduka” adieraziak ziren. Aurten emaitza bakar  bat aurreikusia da kolegioka eta departamendu mailan. Interpelazio gutun bat idatzi dugu Prefetari, baita Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta hautesbarrutietako diputatuei ere. Galdegin diegu hauteskundeen emaitzak Ipar Euskal Herriko 158 herrietan ukatea. Hautetsiek gure galdea sustengatu dute eta ematen du bozka elektronikoaren emaitzak kantonamenduen eremuan ukaiten ahalko ditugula baina erantzun seguru baten goaitan gara oraindik.

 

Nork bozkatzen du ?

 

Hauteskunde horietan MSAri afiliatuak diren langile orok bozkatzen du. Lan arloaren arabera bi kolegioetan banatuak dira: 3A eta 3B.

 

Nola eta noiz ?

 

Urtarrilak 15 eta 21 artean, hautesle bakoitzak gutunez jasoko du materiala, sindikatuen propagandarekin, eta gutunez edo internetez bozkatzeko argibide eta materialarekin.

 

Bozkatzen ahalko da urtarrilaren 15tik 31ra arte gauerdi, gutunez edo internetez ondoko helbidean: www.jevote2025.chambre-agriculture.fr

 

LAB bozkatuz bertako laborantxa herrikoiaren alde, zirkuito motzeko kontsumoaren alde eta gure enpleguaren alde egiten dugu.

 

Urtarrilaren 31a arte, laborantxako langileok LAB bozka dezagun!

Fitxategiak

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago