LAB hauteskundeak irabazi ditu Sokoan
Laugarren aldikotz segidan, LABek Sokoan azaroaren 10ean eta 24an izandako hauteskunde sindikalak irabazi ditu.
Laugarren aldikotz segidan, LABek Sokoan azaroaren 10ean eta 24an izandako hauteskunde sindikalak irabazi ditu.
Bulegoetako aulkiak egiten dituen Hendaiako enpresa honek 230 langile baino gehiago ditu eta aurten egin diren hauteskunde sindikaletan LAB eta CFDT sindikatuak aurkeztu dira lehen itzulean. Partehartzaileen 172 bozketatik LABek 107 bozka jaso ditu, CFDTk, aldiz, 65 bozka.
Emaitza hauekin LAB sindikatuak %64ko errepresentatibitatea lortu duela esan behar da, zeinak akordioak sinatzeko ahala ez ezik besteek sinatutako akordioak salatzeko edota kontra agertzeko posibilitatea ere baduen.
Enpresa komitean eta langileen ordezkarien artean lortutako ordezkari titular eta suplenteen artean, koadroak ez diren 22 hautatuen artean guztira LABek 16 delegatu lortu ditu eta CFDTk 6.
Emaitza hauen ondotik eta orain arte egin bezala Sokoako LAB sekzioak gogorarazi nahi du langileen eskubide minimoen alde egiteaz gain, lortu gabeko eskubide berrien alde ere lanean jarraituko duela. Horretaz gain, enpresaren barne bizitzan bere benetako lekua hartu eta proposamen zehatz eta errealistak egin nahi ditu, baldintza duinetan lanpostuetan ongi lan egitea eta langileen onerako diren neurriak bultzatzea ez doazelako inolaz ere enpresaren norabidearen kontra.
Ikuspuntu orokorrago batean, LABek euskararen erabilera lantegietan bermatzeko borrokaz gain, hiru herrialdeen aitortza instituzionala bultzatu eta « Euskal Herriko Elkargoa »ren aldeko engaiamendua hartuko du, betiere Ipar Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa kontuan hartuko lukeen negoziazio kolektiborako espazio propio bat aldarrikatu eta bultzatzeko asmoz.
Iruzkinak
Idatzi iruzkina