J'ACCUSE
Duela 8 hilabete, hemen bertan bildu ginen hamarnaka eragileen ordezkariak Martxoaren 14ko KORRIKAren harira 36 pertsona migratzailekin batera muga Santiago zubitik zeharkatzeko ekimena gure gain hartzeko.
Desobedientzia zibileko ekintza zela esan genuen, eta gure helburuak argiki adierazi:
-
Europa Gotorlekuaren immigrazio-politika errepresiboa salatu.
-
Frantziako Gobernuak eskuin muturraren laguntzarekin ezarri duen azken immigrazio legea
salatu.
-
Mugak behin betiko irekitzea eta bereziki Irun eta Hendaia arteko bezalako zubi guztiak irekitzea eskatu. Guztion zirkulazio askea eta bertan gelditzeko eskubideak bermatzeko.
Lehenago ere hainbat mobilizazio egin izan ditugu, 2022ko azaroaren 1ean, Avenida oinezkoen zubian kokatutako burdin-hesiak sinbolikoki ideki edota 2023ko uztailaren 22an, agintariak salatzeko eta mugako kontrolaren irizpide arbitrarioetan tresnak eta gardentasun gutxi ezarri izana salatzeko, Pausu/Behobia zubiko kontrol-postua kartelekin estaliz.
Mobilizazio eta ekintza ugari egin arren, egoera ez da aldatzen ez baita okerrera: Frantziak berriki muga ixteko erabakia beste 6 hilabetez luzatu du eta gutako 7 ekintzaile deklaratzera deitu, atxilotu eta epaituko dituzte urtarrilaren 28an. Eragile sare honetatik, haien berehalako kargugabetasuna aldarrikatzen dugu.
Guk ez dugu epaiketa hau onartzen. Epaitu beharrekoa ez da elkartasuna, ez eta pertsona guztien eskubideen alde ari direnak. Inmigrazio politika anker eta hiltzaileak, muga arrazista eta bidegabe hauen errudun diren agintari eta legeak dira zigortu behar direnak. Bidasoan eta trenbidean gutxienez 9 heriotzen arduradun direnak edota milaka pertsonen bizitza arriskuan jartzen dutenak.
Euskal Herria beti izan da harrera, immigrazio eta emigrazio lurralde bat, eta izaten jarraitu nahi du. Migrazio prozesu aske eta seguruak egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Horregatik, urtarrilaren 26an Ficobatik Hendaiara egingo den mobilizaziorako deia egiten dugu hemen bildu garenok eta ordezkatutakoa ere. Era berean, elkartasuna delitu ez dela aldarrikatzeko, “j’accuse” autoinkulpazio kanpaina martxan jarriko dugula iragarri nahi dugu. Kanpaina honekin inmigrazio politikak salatzen ditugu eta gu ere Korrika egunean migrazio prozesuan diren pertsonekin batera izan ginela esan nahi dugu. Gaur lehen autoinkulpazioak egingo ditugu, eta hurrengo asteetan milaka biltzeko asmoa dugu.
Migratzeko eskubidearen alde.
Mugak apurtu eta zubiak eraikitzearen alde. Harrera Herri Harro garelako: #HarreraHerriHarro
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago