Ikastola, herri eskola, elkartasunari esker biziko da
Joan den ikasturtean Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen aferetan prefetaren esku sartzeetan bezala, 2014 eskola sartze honetan ere administrazioaren itxikeria eta erasoa pairatu du Ziburuko Kaskarotenea ikastolak, kasu honetan auzapez eta Paueko epaileen esku sartzearekin. Prefeta eta auzapezaren jokaera itxiaren aitzinean denen elkartasuna izan behar da erantzuna LABen ustez.
Dakizuenez, Kaskarotenea ikastola auzitan eman zuen Ziburuko auzapezak herriko etxearekin zuen kontratua agortu eta okupatzen duten barrakoia eta lur publikoa utz zezaten.
Bitartean irailaren 4an, hesia eraitsi eta ura zein elektrizitatea moztearekin mehatxatu zuen auzapezak. Epaitegiak auzapezari arrazoia eman eta irailaren 8tik goiti egunean 100 euroko isuna ezarri zion.
Gurasoak, Seaskarekin adostuz, isuna ordaintzen hasi beste toki bat bilatzen hasi dira eta elkartasun dei bat hedatu dute.
Elkartasun deiari erantzun diote pertsona ezagunek (Irrien lagunek...) eta milaka euskal herritarrek sarean zegoen petizio bat sinatuz eta diru laguntza bat ekarriz. LAB sindikatuak horretan ere plazerrarekin parte hartu dugu.
Euskal herritar eta euskararen defendatzaile gisa eta gure haurren hezkuntzaz axolaturik murgiltze sistemak botere publiko eta administrazioaren babesa behar duela diogu beste behin ere.
Baina erasoaren tamainaz oharturik, eta ikastolak ito edo minoria baten eskola bilakatu nahi dutenen aitzinean, herritarrei dei bat zabaldu nahi die LAB Irakaskuntzak ahal duten neurrian eta gisan. Horrela, izan dadin finantzamendua edo babes eta elkartasun ekimenak bultzatuz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko tenorea heldu da. Haurrek, burasoek, hezkuntzaz arduratzen den ekipak, laguntzaileek eta Seaskak gure babes eta elkartasun osoa ukanen du.
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago