Greba feminista orokorra 2023ko azaroaren 30ean iraganen da Hego Euskal Herrian
Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak antolaturik, zainketa sistema duina, kalitatezkoa, publikoa eta komunitarioa aldarrikatzea izanen da helburua.
Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrarekin bat egin eta prestaketa lanetan buru-belarri murgildu gara LAB sindikatuan. Izan ere, zaintzarena sindikatuaren erronka nagusietakoa da, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak nabarmendu duenez: “Zaintza krisia gero eta nabariagoa da. Krisi honen arrazoi nagusi eta bakarra ez da bilakaera demografikoa edo jendartearen zahartzea. Emakumeok* errebelatzen ari gara, ez dugu ontzat ematen zaintza eredu hau, bidegabea eta sostengaezina baita. Egoera jasanezin bilakatzen ari da emakumeontzat* eta bereziki emakume langile migratu eta arrazializatuentzat”.
Hala, Aranburuk nabarmendu du premiazkoa dela zaintza lanak berrantolatu eta modu orekatuagoan banatzea; hain zuzen ere, hori du helburu LABek defendatzen duen zaintza sistema publiko komunitarioak, “zaintza lanak eremu pribatutik atera eta duintzea lortzeko” Aranbururen esanetan.
LAB sindikatuak denbora darama Mugimendu Feministarekin eskuz esku lanean eta aliantzak eraikitzen, eta bete-betean murgildu da Greba Feminista Orokorraren lanketan.
Zaintzari buruzko gogoeta feminista ez da berria, eta aberatsa bezain erradikala da. Feministok kontziente gara sistemak emakumeon* bizkar uzten duela zaintza ordaindugabea. Horrez gain, zaintzaren arloko zerbitzu publikoa ere geroz eta mehatxatuagoa da. Errealitate horren aitzinean, Euskal Herriko mugimendu feministak landurik du zaintza sistema publiko eta komunitario baten proposamena. Borroka feminista horren baitako egun inportante bat izanen da azaroaren 30a.
Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren aldarrikapenak ezagutzeko xedez, bi hitzordu emanak dira Ipar Euskal Herrian:
- azaroaren 17an hitzaldi bat, greba antolatzen dabiltzan bi militanterekin (Baionako Lan Burtsan, 19:00tan).
- azaroaren 18an, gosari eta Hiruki gatazkatsua liburuaren aurkezpena Marina Sagastizabal idazlearekin (Ortzaizeko Menta liburu-dendan, 9:30tan).
Azkenik, ikusirik azaroaren 30eko grebak duen inportantzia, eta gure elkartasuna adierazteko xedez, Donostirako manifestaziorako abiatze kolektibo bat eginen da arratsaldean Ipar Euskal Herritik. Izena eman 07 67 76 12 55 zenbakira deituz.
Greba feminista hori orokorra den heinean mistoa izanen da. Denak anima gaitezen!
GORA BORROKA FEMINISTA, GORA GREBA FEMINISTA OROKORRA!
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago