Gazako Sarraskia gelditu! Konponbidea eta bakea Palestinarentzat

2023-11-01  

Jendarte zibileko manifestua eta azaroak 4ko manifarako deialdia

irudia

Ekialde Hurbilean, jadaneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan, eguneroko hildakoen kopuruak egunez egun urrundu egiten gaitu bakea lortzeko aukeratik. Urriaren 7an Hamasek egindako sarraskiek inoiz ikusi ez den bortizkeriaren enegarren zikloa areagotu dute Israelen eta Palestinan. Min handiz ikusten dugu zibilak bereizi gabe kolpatzen dituen bortizkeria.

Urriaren 7ko izugarrikeriekin batera, herritarrak – horietatik haur ainitz – hil eta azpiegitura zibilak zein bizitegiak suntsitzen dituzte Israelgo armadak Gazan etengabe egindako bonbardaketek. Ur, elektrizitate eta oinarrizko hornigaien behin betiko mozketak eta Gazako biztanleei beren etxeetatik ateratzeko eman zaien ultimatumak, ondorio humano, sozial eta politiko dramatikoak dituen egoera baterantz garamatzate. Hainbat erakundek, horien artean giza-eskubideen aldeko elkarte palestinarrek zein Amnesty International edota Human Rights Watch elkarteek gerla krimentzat jo dute gertatzen ari dena. Nazio Batuetako zenbait instantziek Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urratze larri gisa salatu dute.

Jendarte zibileko kide garen heinean, ezin dugu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu. Gernikako bonbardaketaren eta Aieteko adierazpenaren arteko bidea luzea izan bada ere, Euskal Herrian ikasi dugu bake prozesu bat beti posible dela. Ekialde Hurbilean, hau bortizkeriaren deseskalatze batetik pasa daiteke eta hala izan beharko luke.

Frantses agintariek Israelgo eskuin-muturreko Gobernuari eskaini baldintzarik gabeko sustengua salatzen dugu, eta baita Palestinar herriarekiko elkartasun edota negoziazioaren aldeko posizioak jasaiten ari diren kriminalizazio sistematikoa ere.

Israelen eta Palestinan bake iraunkorra ezartzeko neurriak ezinbestekotzat jotzen ditugulako, deialdi honen izenpetzaileok:

  1. Berehalako su-etena eskatzen dugu, eraso guztien bukaera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea.
  2. Halaber, Gazaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea galdegiten dugu, bai eta laguntza humanitarioaren sarrera lehenbailehen ahalbidetzea ere.
  3. Herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela adierazten dugu.
  4. Konponbide baketsu eta negoziatua bilatzeko deia luzatzen diegu alde guztiei eta nazioarteko komunitateari; hots, Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzen den konponbidea.
  5. Bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko elkarrizketa prozesu bat abiatzea premiazkoa dela adierazten dugu, Palestinaren kolonizazioari bukaera eman eta Nazioarteko Zuzenbideak jasotzen duen herrien autodeterminazio eskubidea bermatzeko.

Zailtasun guztien gainetik, baitezpadakoa da gatazka politiko eta armatuari konponbide justu eta iraunkorrak ematea Israelen eta Palestinan. 

Sarraskia geldiarazteko, jendarte zibilaren tresna mobilizazioa da.

Herritarrei dei egiten diegu azaroaren 4an, larunbatarekin, 16:00etan Baionan iraganen den manifestazioan parte hartzera.

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

TPEko hauteskundeak: LAB bozka!

Lan harremanak eta negoziazio kolektiboaren esparrua Ipar Euskal Herrian