GAUR ITSASOARI BEGIRA GAUDELA ZUTAZ OROITU GARA JAVI
Igande hontan, duela gutti eritasunak eraman duen Javi, Hendaiako Sokoa lantegiko langilea eta LAB eko kidea, omendu dute bere lankide eta beste lagunek. Mementu hunkigarria.
Hona SOKOA lantegiko LAB taldearen testua:
Javi Otazoren oroimenez,
itsas bazter honetatik alde egin eta deserri luze baten ondotik berriz ere itsas bazter honetara, bere Pasai San Pedrora itzuli zaigu Javi. Horrela baita bizitza, batzuetan enbata, bestetan brisa edo itsas betea. Donibane Lohitzune eta Ziburuko karriketan ez ezik, Sokoako lantokian ere ezagutu genuen lankidea omendu nahi dugu gaurko honetan. Berak utzi digun lekukoa hartzen etorri gara. Bere hutsunea bere presentziarekin betetzeko asmoz hurbildu gara. Hitz xume hauekin Javik gure baitan utzi duen arrastoa azpimarratu nahi dugu, gaixotasunaren aurka azkenera arte erakutsi duen duintasuna nahi dugu balioan ezarri, nekagaitz egin izan diolako aurre uneoro, Javi ezagutu dugunok ongi asko dakigun bezala; izan ere langilea eta umorekoa zen Javi, irriparra ezpainetan zuela ibiltzen zen, zirikatzaile batzuetan, madarikazioa bestetan, bainan lagunen laguna zen Javi, langile eta abertzalea. Buruz eta bihotzez.
Kezka politiko eta sozialak bereganaturik LABen sorreratik bertatik izan genuen aldamenean, sindikatuan afiliatu eta sindikataren ildo nagusiak hedatzen edo Sokoan bertan langileon Biltzar nagusietan, grebetan edota edozoin motatako mobilizazioetan parte hartzen.
LABeko kide eta konplize izan genuen lan tokian langileen ordezkari izan genuelarik. Abertzale ez ezik langilea baizen Javi, langile konzientzia zuen eta beti aritu izan zen langileon eskubide sozial eta lan baldintzen alde. Betidanik jakin izan zuen non zen bere lekua. Langileon kontrako edozein neurriren aurka altxatzen zen, borrokari esker eta indarrak bilduta gauzak aurrera ateratzen zirela jakitun baitzen, horregatik beti prest zegoen eskua luzatzeko.
Javi bidelagun izan dugunok, lankide izan dugunok horrela gogoratzen dugu eta gogoratuko dugu aurrerantzean.
Guk gure aldetik Euskal Herri libre baten aldeko bere ametsari hauspoa ematen jarraituko dugula adierazi nahi dugu; berak utzitako bidetik jarraituko dugu euskal langileriak bizibaldintza eta lan duinak lortu arte, Javik egindako ekarpena ez dugu galtzen utziko. Horrela baita bizitza, batzuetan enbata, brisa edo itsas betea.
Gaur itsasoari begira gaudela zutaz oroitu gara Javi. Agur eta ohore, ez adiorik.
Sokoako LAB, 2018ko uztailaren 15ean
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago