Enpresa Oso Ttipietako hauteskundeak: LAB laugarren tokian departamenduan
Enpresa Oso Ttipietako (TPE) hauteskunde sindikalak iragan ziren azaroaren 25etik abenduaren 9ra. Hilabete baino gehiago itxaron behar izan da Lan Ministeritzak azkenean departamendu mailako emaitzak jakinarazteko.

Enpresa Oso Ttipietako (TPE) hauteskunde sindikalak iragan ziren azaroaren 25etik abenduaren 9ra. Abenduaren 20an, 24 orduko atzerapenarekin, jakiten genituen Akitania Berria eskualdeko emaitzak.
Gogoratzeko, LABek eskualde mailan 435 boz lortu ditu edo %2,11, %4,38ko parte hartze tasarekin.
Hilabete baino gehiago itxaron behar izan da Lan Ministeritzak azkenean departamendu mailako emaitzak jakinarazteko:
Parte hartze tasa handixeagoarekin (%5), 389 boz lortu ditu LABek. Laugarren tokira iritsi gara, UNSAren gibelean (414 boz) baina FOren aitzinean (324 boz), zeinak, gogoratzeko, epaitegietara jo zuen gure hautagaitzaren baliozkotasuna zalantzan jartzeko eta, horrela, hauteskundeetatik baztertzeko.
Parisko zentral sindikal handienek boz asko galtzen dituztenean, LAB mantendu egiten da eta pixka bat aurrera ere egiten du. Departamenduan lortu dugun emaitza aurrera doa: 2021ean % 11, 76 genuen, eta 2024an berriz, % 13,02. Pozten gara 25 urteko ibilbidearen ondoren LABek %13a lortzeaz guretzat handiegia den departamendu batean.
Aldiz, TPE hauteskundeetan izandako parte-hartze tasa negargarria deitoratzen dugu. Azken 15 urteetan ezarritako erreforma ezberdinen porrotaren ondorio zuzena da.
2002an eta 2008an, prud’hommes auzitegiko hauteskundeetan, erroldatutako langileen % 35ak zuzenean eta fisikoki bozkatzen zuen prud’hommes ordezkariak eta epaileak hautatzeko. Hauteskunde-eremua Euskal Herria zen.
Hauteskunde-prozesu osoan metatutako disfuntzio larriei, eskualdeko emaitzak eta ondotik departamenduko emaitzak aldarrikatzeko beranta gehitu behar zaie.
Gogor salatu nahi dugu hautesle askok ezin izan dutela bozkatu. Departamenduko Laborantza Ganberako hauteskundeetan bezala, askok ez dituzte beren bozkatzeko kodeak jaso, edo beranduegi ukan dituzte. Oinarrizko eskubide bat, boz eskubidea, ez zaie bermatu. Hauteskunde hauen antolakuntzari hain garrantzi eta baliabi gutxi emanda, TPEetako langileei hitza kentzen zaie. Onartezina da.
25 urtez Ipar Euskal Herrian sindikalgintzan eman ondoren, LAB oraindik ere borrokatu behar da departamendu azpiko emaitzak ukateko. 2025ean, adimen artifizialaren orduan, Frantziako estatuak sinetsarazi nahi digu ez dela gai Ipar Euskal Herriko 158 herrietako hauteskunde sindikalen emaitzen jakinarazteko.
Ipar Euskal Herriko hauteskunde emaitzak lortzea eskatzen dugu.
Tokiko Batzorde Parekide bat sortzea eskatzen dugu, negoziazio kolektiborako gune hobeago bat, Ipar Euskal Herriko laborantzako edo enpresa oso ttipietako langileentzat.
Eskerrak eman nahi dizkiegu LAB bozkatu duten pertsonei, gure proiektu sozio-sindikalean sinesten dutenei, baita egunerokotasunean lanean dauden militanteei ere.
Ez dezagun Paristik deus espero, Bordeletik edo Pauetik deus ere ez! Eraiki dezagun alternatiba eta hemen erabaki dezagun.
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago