Akordioa Huerta de Peraltan: prekarietatearen kontrako urrats garrantzitsua
Huerta de Peraltako greba mugagabeak 28. eguna bete duen honetan, grebalarien batzarrak gaur oniritzia eman dio LAB sindikatuak eta zuzendaritzak lotu duten akordioari, gatazkari bukaera eman eta garai berri bat irekitzen duena.
Akordioak langileen aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu: zigorrak bertan behera utzi eta kaleratuak berriz hartu; hitzarmena ez betetzearen ondorioz sortutako zorra ordaindu; eta Enpresa Itun baterako negoziazioak ireki.
• Kaleratzeei dagokionez, enpresara bueltatu nahi zuten langile horiek berriz hartzea aldarrikatzen zuen LABek, bereziki jazarpen sindikalaren ondorioz kaleratutako lau langilerengan arreta jarriz. Bada, langile horiekin adostutako eta zuzendaritzak onartutako konponbidea honako hau da: bi langile berriz hartuko dituzte, hirugarrenak kalte ordain bat jasoko du eta laugarren kasua epaitegiak zer erabakiko zain geldituko da.
• Lan hitzarmena ez betetzeagatik enpresak sortutako 440.000 euroko zorrari dagokionez, zuzendaritzak onartu du zor duenaren %70 ordaintzea.
• Azkenik, hirugarren aldarrikapenari dagokionez, Enpresa Batzordearen eta Zuzendaritzaren artean Huerta de Peraltaren eta bertako langileen errealitate eta beharren araberako Enpresa Itun baterako negoziazioak irekitzea adostu dute bi aldeek.
Langileen determinazioak egin du posible akordioa, baina baita -nagusiki emakumeez osatutako- grebarekiko babes-sareak nahiz langile jendearen, kolektibo nahiz pertsona ugariren elkartasunak ere, grebalarien aldarrikapenak babestu, horien alde mobilizatu eta Elkartasun Kutxan ekarpena egin baitute. Horiei guztiei, eskerrik asko bihotzez!
LAB sindikatuak akordioaren balorazio oso positiboa egiten du.
LAB sindikatuak larunbat honetarako Iruñean deitu duen mobilizazioari eutsi egiten dio; 17:00etan Gaztelu Plazatik abiatuko da. Mobilizazio horren bidez, kasik hilabete bateko greba egin duten langileei babesa eman eta jasotako elkartasuna eskertzearekin batera, antolakuntza eta borroka sindikalaren balioa aldarrikatuko dugu. Huerta de Peraltan bezala Euskal Herrian barna irekita dauden hamaika gatazkatan, borroka da bidea!
Prekarietatearen aurrean, landa eremuan nahiz hirigunean, ekin borroka sindikalari!
Borroka da bide bakarra!
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago