LABek Frantziar estatuak Kanakiako erreferendumarekin aurrera jarraitzeko hartutako erabakia gaitzesten du

2021-11-16  

Erreferendumaren data mantentzeko xedea benetako probokazio politikoa da, eta beste behin ere Estatu frantsesaren burugogorkeria, eta elkarrizketarekiko nahiz ariketa demokratikoarekiko duen ikusmoldea agerian uzten du.

irudia

Urte luzez LAB eta Kanakiako USTKE sindikatu independentista borrokari lotuak egon dira; langileok duintasunez bizi ahal izateko eta gure herriek libreki erabaki ahal izateko borroka hain zuzen ere. LABek betidanik oso hurbiletik jarraitu du Kanakian gertatzen dena, eta hasiera-hasieratik bere askapen nazional eta sozialerako borroka babestu egin du.

Kanakiako herriak, Euskal Herriak bezalaxe Frantziar estatuko gobernuaren erabakiak larrutik ordaintzen ari da. Austeritate gero eta handiago baten izenean, osasun zerbitzu publikoa ahultzen ari dira eta ondorioak oso larriak dira: erabiltzaileekiko zerbitzu txarra, langileen nekea, pertsona askoren heriotza…

LAB sindikatuak azken hilabete hauetan hildako USTKE-ko burkideak omendu nahi ditugu eta lerro hauen bitartez haien lan nekaezina goraipatzen du. Pertsona militante hauen heriotzak tristura handia sortu zuen LAB sindikatuan.

Beste aldetik Frantziar gobernua beste behin Kanakian indar kolonizatzaile moduan inposatzeko saiakeran dabil, horretarako abenduaren 12ko erreferenduma inposatu nahian. Beste behin ere su gehiago pizten eta Kanakiako herria zatitu nahian dihardu. Erreferendumaren antolaketarekin aurrera jarraituko balu, Frantziar gobernua erreferendumak ekar litzakeen ondorio guztien erantzule bakarra izango litzateke, eta beraz ondorio guztien ardura bere gain hartu beharko du.

Euskal Herria eta Kanakia milaka kilometrotara egon arren, Kanakiako prozesu politikoa oso hurbiletik jarraitzen dugu beti eta jokoan zer dagoen oso ongi dakigu. LAB sindikatuak Kanakiako herriari eta bereziki USTKE sindikatuari bere babes osoa adierazten dio auto-determinazioaren aldeko borrokan.

Gauzak horrela, COVID 19ari lotutako osasun-egoera larria ikusita, erreferenduma atzeratzeko bidezko eskaerari gure babes osoa berretsi nahi dugu. Erreferendumaren data mantentzeko xedea benetako probokazio politikoa da, eta beste behin ere Estatu frantsesaren burugogorkeria, eta elkarrizketarekiko nahiz ariketa demokratikoarekiko duen ikusmoldea agerian uzten du. Alde horretatik, Kanakiako independentismoak erreferendumean parte ez hartzeko egiten duen deia sustengatzen dugu.

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Vivre et se loger au Pays ! Espekulazioari ez!

Ekintza Sozialeko Komunitatea sortzeko topaketak

Lan harremanak eta negoziazio kolektiboaren esparrua Ipar Euskal Herrian

LAB NOR DA

QUI EST LAB