"BERE POSIZIOARI EUSTEAGATIK NAGUSIEN TRESNA BERAK ERABILTZEA LOTSAGARRIA DA"

2016-08-16  

Hona GARA aldizkarian agertu Enaut Aramendi LABeko bozeramailearen elkarrizketa, CGTren erasoari buruz.

irudia

 
EÑAUT ARAMENDI
LAB-EKO BOZERAMAILEA

CGT-k LABen eta Korsikako STC eta SAP-ren (Syndicat Anti-Précarité) kontra auzitegietan hasitako erasoa «ulergaitza» ez ezik, sindikatuen arteko oinarrizko errespetuari muzin egitea dela deritzo; are, «ugazaben jokamolde bera» dela. Momentuz Bordeleko epaitegiak arrazoi eman dio CGTri. LABek helegitea jarri, eta langileen defentsan segitzeko eskubideari «irmo» eutsiko diola nabarmendu du.

«Bere posizioari eusteagatik nagusien tresna berak erabiltzea lotsagarria da»

Dagoen egoera ekonomikoarekin, eta lan munduan egin nahi dituzten erreforma guztiekin horrela ibili behar izatea denbora galtze izugarria da.Hainbat erakundek gure jarduteko eskubidea babestu dute, eta sindikatuek ere bai, baita bertako CGTko sekzio batzuek ere.

Hamasei urte dira LAB Ipar Euskal Herrian lanean hasi zela. Zergatik jo du orain CGTk LABen aurka udazkeneko bozetan parte hartzen ez uzteko?

Estatu mailako lehen sindikatua da eta orain postu hori galtzeko arriskuan da. Enpresaz enpresako emaitzak ikusita, lehia bizian da CFDTrekin. Hortaz, enpresa txikienetako bozetan [11 langile baino gutxiago] sindikatu alternatibo guztiak ezabatuz CGTk oreka berreskuratu eta lehen postu horretan mantentzeko moduan izango dela kalkulatu du.

Abuztuaren 4an Bordeleko Instantzia Auzitegiak arrazoi eman dio, halere. Zertan oinarritu da ebazpena?

CGTk hainbat argudio erabili zituen guri boz horietan aurkezten ez uzteko, tartean, «balio errepublikarrak» ez genituela errespetatzen. Halere, auzitegiak ez du deus esan horri buruz. Bere argudio juridiko nagusia eremu geografikoarena izan da, hots, LAB Ipar Euskal Herrian soilik aurkezten dela eta horrek erakusten duela bere ekintza sindikala eremu horretara mugatzen dela eta ez duela erregioan hedatu nahi. Jakin behar da boz hauetan presente izateko bi modu daudela. Edo Estatu mailan aurkeztea edo erregio batean. Gu Pirinio Atlantikoetako departamenduaren baitan izaki eta departamendua Akitania Berria erregioaren barruan, naturalki hemen bakarrik aurkeztu gara. Guretzat auzitegiak legearen irakurketa faltsua egin du.

Zergatik?

Lan Kodeak berak L2122-10-06 artikuluan argi eta garbi esaten baitu «ordezkagarritasunaren irizpideei erantzuteko, ez da derrigorrezkoa erakunde sindikala dagokion eremu geografiko osoan presente izatea». Beraz, ez dugu zertan eremu guztian egon, berorretan kokatuak baizik.

Kasazio Auzitegian argudio hori erabiliko duzue?

Bai, nagusiki hori izango da gure defentsa Bordeleko Auzitegiko ebazpena indargabetzea eskatzeko. Aste honetan bertan igorri dugu gure helegitea. Eta hilabete baino lehen jakin beharko genuke emaitza. Gure eskaera onartzen badu, beste instantziako auzitegi batek, betiere Akitania Berriko eremukoak, hasieratik aztertu beharko luke CGTren eskakizuna.

Soilik langile euskaldunak defendatzen dituzuela eta diskriminatzaileak izatea ere ez dizuete leporatzen?

Guk gure mezua Euskal Herrian bizitzen edo lan egiten duten langile ororengana zuzentzen dugu betidanik, izan bertakoak edo kanpotik etorritakoak. Gertatu izan zaigu, adibidez funtzio publikoko langileekin Departamendu eremuan ere lagundu behar izatea edota hemengo gure afiliaturen bat kanpora joan funtzionario gisa lanpostua Marseillan eman diotelako eta hura laguntzea ere bai. Are, beste sindikatuetako kide batzuek ere batzuetan gugana jo izan dute eta guk inoiz ez diogu inori aterik itxi. Halako argudioak ez dira ez zuzenak, ez ulergarriak. Beraien posizioa mantentzeagatik nagusiek sindikatuen kontra erabiltzen dituzten tresna berak erabiltzea lotsagarria da.

Sostengua jaso duzue.

Bai, hainbat erakundek gure jarduteko eskubidea babestu dute (Eusko Ikaskuntza, EH Bai, EAJ-PNB) eta sindikatuek ere bai (Solidaires, ELA, CNT, CGT bertako sekzio batzuek…).

Horrek guztiak askatasun sindikalaren aldeko dinamikaren bat lantzeko aukerak irekitzen dizkigu. Ez dugu baztertzen goi mailako beste auzitegietara jotzea (Konstituzionala, Europa…) baina, jakina, etapaz etapa joan behar da eta denok dakigu zenbat denbora ematen duen horrek. Ikusiko dugu. Orain Kasazio Gorteak zer esango duen itxarongo dugu.

CGTren baitan kontraesanak ere sortu ditu beren sindikatuaren jokamoldeak. Luzez elkarlanean aritu zarete bertako hainbat kiderekin, azkenaldian bereziki lan erreformaren kontra. Hau surrealista samarra da, ezta?

Hala da. Dagoen egoera ekonomiko eta sozialaren aurrean eta lan munduan egin nahi dituzten erreforma guztiekin, horrela ibili behar izatea denbora galtze izugarria da. Dena den, guk betiko martxan segituko dugu langileen aurka egiten diren erreformak borrokatzen eta borrokatu nahi duten langile guztiekin batera, elkarlanean. Badugu zeregina. «Erretiratu arte» kolektiboaren baitan irailaren 15erako jada mobilizazioa antolatzen ari gara onartu berria den lan erreforma aplikatua izan ez dadin.

Ikusiko dugu CGTkoak nola posizionatzen diren baina badakigu barne bilkurak izan dituztela eta goi mailan, Parisen, irailaren hasieran besteren batzuk ere iragarri dira prentsan. Bistakoa da CGTko kide batzuk kexu direla beren sindikatuarekin eta ez soilik formengatik Karl Andre hemengo buruak adierazi duen bezala. Beraiek jakingo dute horren barne funtzionamendu piramidalari nola erantzun, ez dagokio LABi horretan sartzea.

Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago

Polo Beyriseko MVC elkarteko langileak borrokan

MAIATZAREN LEHENA 2019 (Baiona)

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko hauteskunde sindikaletan izango gara

LAB NOR DA

QUI EST LAB

Burdin bidearen borroka!

Lehen Brigada Soziala osatua