ELKARTASUNA KUTXABANKEKO 23 LANGILEEKIN!
Pixkanaka pixkanaka berria ofizialatu da eta orain gaia plazan da: Kutxabankek erabaki du Ipar Euskal Herrian dituen bulegoak zerratzea eta 23 langileak kanporatzea. LAB sindikatuak lotsagarria den erabaki hau salatzea erabaki du heldu diren egunetan.
23 langile kaleratuko dituzte Ipar Euskal Herrian irabaziak dituen enpresa batetik. 23 familia langabeziara joango dira arrazoi politikoengatik. Kaleratzeen arrazoia ez da ekonomikoa, enpresak irabaziak baititu, bezeroak ere bai, zerbitzu ona ematen du eta ez du inolako arazorik. Egoera honen aurrean edozein enpresak izango luke etorkizuna ziurtatuta, baina Kutxabanken administrazio kontseiluak, EAJrekin lotuta dagoenak, hiru bulego ixtea eta euretako langileak kaleratzea erabaki du.
Enpresak berak jakinarazi die albistea bezero guztiei gutun bidez. Hauek ere ez dute ezer ulertzen eta ugari dira egunotan bulegoetatik pasatzen ari diren bezeroak erabaki honen inguruko arrazoiez galdezka. Langileentzat ez da lehenengo albistea izan, are gehiago, urtebete baino gehiago zeramaten itxieraren ingurukoak entzuten, honek ekarri dien guztiarekin, nerbioak, antsietatea, ziurgabetasuna eta amorrua.
Orain, ez zaigu kaleratzeen erruduna zein izan den adieraztea baino geratzen. Eusko Alderdi Jeltzalea eta bete herri- estrategia edo apusturik eza. Ematen du Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Pako Arizmendirentzat folklorea baino ez dela Ipar Euskal Herria.
Amaitzeko, batasuna eta antolaketa aipatu beharrean gaude. Egia da ez dugula hain erraz amore emango. Ez gara heriotza gozoaren esperoan jokatzen duten muslariak. Gogorra izan da urtea, baina atsegingarria ere era berean.
Erakutsi dugu posible dela lanpostuei eustea. Borondate kontua baino ez da. Berriro sinetsi dugu langileen antolaketan eta emandako urrats guztiak eta emango dituztenak, asanbladak hartuak izango dira langile guztien eta LAB euren sindikatuaren artean.
Iruzkinak
Idatzi iruzkina
Iruzkinak egiteko aukera desgaituta dago